Sakelekoak diosta 15-16 gradutik gora egiteko esperantza gutxi dugula asteon. Onena Hawaiira joatea, sumendien arrimuan ea berotu naitekeen. Egia da Estatu Batuek ez diruditela une honetan bisitatzeko herrialde ziurrena (Gasteiz bat hildako bildu dute dagoeneko!), baina hemen dauzkagunak baino datu hobeak ematen ditu Hawaii Estatuko Osasun sailak. Ahaleginean dena kanpoan egingo nukeenez han, aerosol delakoarekin arazo gutxiago.
Blog batek Waikiki eta Papakolea hondartzak gomendatu dizkit, baina web-orri batek Kauna‘oa eta Punalu’u jarri ditu hamar onenen artean lehenengo eta bigarren. Azkenaren deskribapena gustatu zait: "Basaltozko txirbilez eta sumendien laba zatitxoz osatutako harea beltzak ñir-ñir egiten du eguzkitan, eta Punalu’u kostaldeari itxura benetan estralurtarra ematen dio".
Ingelesez moldatuko nintzateke, baina nola galdu hawaiiera entzun eta aukeran pixka bat ikasteko egokiera? Hiztun gutxi daude (2008an 24.000 omen), nahiz ofiziala izan estatuan.
Arestian gurasoek ba omen dute haurra eskolako lehen urteetatik hawaiieran murgilaraztea: ikusiko hemendik zer datorren.
Kontuak atera ditut eta lau hitz bakarrik dakizkit hawaiieraz: aloha, hula-hula, mahalo (hau Hawaii 5-0 telesailari esker) eta ukelele. Lehenengoa "kaixo", "agur" eta "maitasuna" esateko (ederra!), bigarrena dantzatzeko, hirugarrena eskerrik asko esateko eta azkena musika jotzeko. Zer gehiago behar luke turistak jakin bueltan lagunei kontatzeko? A, bai: humuhumunukunukuāpua'a, bertako arraintxo baten izena, "txerriak bezalako muturra duen arraina".
Gramatikan ere badu zeresana hawaierak euskaldunarentzat. Esaterako, bi jabetza mota adierazten ditu: besterengarria (a) eta besterenezina (o); alegia, guk "Ainhoaren hezurrak" esango genuke bai hezurrak Ainhoarenak direnean (naā iwi o Ainhoa) eta Ainhoa jaten ari den oilasko hezurrak direnean (naā iwi a Pua). "Gu barneratzailea" (kākou) eta "gu baztertzailea" (mākou) ere bereizten ditu, hots, hartzailea (zu) hartzen duena eta hartzen ez duena, ez baita gauza bera, adibidez, "Gu, emakumeok" emakumeari esatea edo gizonari. Singular eta pluralaz gainera, duala ere badago izenordainetan, hots, parea; hala bada, "zu eta biok" denean (barneratzailea), gu dualean kāua da, eta māua "ni eta hura (baina ez zu)" denean.
Hizkuntza zoragarria, beraz, palmondoen azpian eguzkia hartu bitartean ederki asko ikasiko nukeena. Gehien kostako litzaidakeena, apika: [ʔ] hots glotala. Beharbada Mai Tai edo Blue Hawaii koktelen laguntzaz errazago ahoskatuko nuke, baina.