Alaba eta arranoa Araban

Erabiltzailearen aurpegia Blanca Urgell 2020ko eka. 20a, 10:00

San Millan de Suso monasterioa. / Wikipedia

"Lekukotasun oparoena 'De ferro de Alava' dugu, euskaraz 'Donemiliagako goldea' deitu izan dena"

Arabarrok gorrotatzen ditugun galderen lehiaketan, esango nuke "Euskalduna al zara?" irabazle aterako litzatekeela, euskaraz hizketan geu hasi garenean batik bat. Ziur naiz denok garatu dugula "argumentario" sendo bat horrela hitz egiten digunari erantzuteko, pikutara bidali gabe edo bidalita. Dena dela, "aberriari ospea ematearren", Larramendik zioenez, hona xehetasunen bat edo beste gehiago, gure hizkuntzaren iraganari buruz.

Lekukotasun oparoena De ferro de Alava dugu, euskaraz Donemiliagako goldea deitu izan dena (1025). Ezin ezagunagoa, ezta? 307 herriren izenak gorde ditu, Lautadakoak eta Mendialdekoak, ondo bitxiak H pila dutelako, dagokien lekuan, gainera, orduko arabarrek gaurko zuberotarrek baino hasperen gehiago ahoskatzen zuten seinale: Gardellihi, Gastehiz, Hagurahin, Harhazua, Hillarrazaha…

Julen Manterolak "Artikulua eta 1025eko Arabako herrien zerrenda" izeneko eranskintxo bat erantsi zion 2006ko lan bati. Mitxelenak ez ezik, guk ere hamaika aldiz begiratuko genion zerrenda horri, baina ikertzaile gazte haren begiek soilik sumatu zuten bertan zegoen altxorra. Mitxelenak-eta gure artikulua *(h)a(r) formatik datorrela proposatu zuten, haren (har-en) eta hari (har-i) erakusleetatik aterarik. *(h)a(r) formari izarra jartzen diogu lekukotu gabekoa delako, eta parentesiak erdiko bokala bakarrik delako ziurra. Manterolak erakutsi zuen hasperenari parentesia kendu behar zaiola, hortxe dagoelako, agerian: Adurzaha, Hascarzaha, Otazaha, etab.

Goldea idatzi zen garaitsuan oraindik bi N bide zituen euskarak aitzineuskaratik: N ahul bat, gurearen antzekoa, eta NN indartsu bat, italiarrek Madonna ahoskatzerakoan egiten dutenaren antzekoa akaso. Idatzi ere, horrela idazten zuten. Alabaina, leku askotan galdua zen zegoenekoz. Mitxelenak (1969) aurkitu zituen salbuespenak Iratxeko monasterioaren dokumentazioan: Garçia Garçeiç de Gaunna eta Santio Nunoiç de Eguinno (1062). Gauna eta Egino. Nongoak izango ote dira?

Biak batzen baditugu, X. mendearen bueltan baliteke alaba etorri da esan beharrean arabarrek oraindik *alabaha ahoskatzea, eta orduan bertan agian ez, baina lehentxeago arranoa-ri *arrannoha esatea.

Behin euskaltzale (zintzo) batzuek, asmorik onenarekin jakina, esan ziguten agian arabarrok mendebaldeko “kolorea” eman beharko geniokeela gure euskarari. Ez diot ezetz: izan ere, koloreen zalea naiz oso. Baina, tira, koloreztatzen hastekotan, hasperena eta italiarren NN-a praktikatzea ez litzateke txarra. Zer iruditzen?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago