Protesien aroa

Erabiltzailearen aurpegia

"Lagintxoaren ondorioa begien bistan: Osakidetzak gure jendearen onetan egiten duen lana ez dago islaturik".

Lehengo egunean Álava Medieval / Erdi Aroko Araba proiektu bikainaren hitzaldi batean geundelarik, kodex irudiztatuen irudiak ikuskatzen, lagun batek esanda: "Protesien aroan bizi gara gu". Han geunden gehientsuenon presbiziagatik ari zen. Euskaltzaindiaren hiztegiak dio gure begietako kristalinoak malgutasuna galdu duela: betaurrekoak jantzi edota ikustekoa begietara hurbildu: tira, moldatzen gara.

Egunotan aro horretan bizi garenon beste protesi hedatuenaren gaitzak pairatzen ari naiz (onak gero dastatuko omen), alegia, Axularren hitzekin esanik, hortz-haginetan oinaze bortitza. Ostegunean inplante bi, ostirala hola-hala igaro eta asteburuan analgesikoak aldizkatzen, astelehenean amorratuta nengoen. Goiza aurrerago eta mina handiago. Diotenez, apoaren sabela mina dagoen aldean ferekatuz mina badoa. Antzinako sinestea, oinarri zientifikoa omen daukana, apoaren sabelari darion substantzia basokonstrikzioa eragiteko gauza baita. Eta hodiak uzkurtzen direnean, mina badoa. Honatx erremedio erraz eta merkea!

Azkenean, zirujauaren laguntzaz ―auzoan bizi den apoa baino prestago aurkitu nuen― mina joan bada ere, noraezean etorkizuneko protesiez pentsatzen jarri nintzen, malenkonia pitin batez. Pentsamendu horretan sartuta, ohartu naiz aldaka edota belauna(k) protesiaz dauzkaten inguruko lagunak hamaikatxo direla, batez ere ―hona hemen kontsolagarria― amaren adinekoen artean. Eta horiek Osakidetzak ordaintzen dituela.

Ereduzko Prosa Gaur-en sartu naiz aztarrika eta, aiei!, han ez dut "Prentsa" atalean aldaka protesirik aurkitu, 2004ko adibide bakarrean baizik, eta "Liburuak" atalean protesi guztiak fonetikoak ziren, hizkuntzalaritzaren esparrukoak. Egunkari-aldizkarietako adibide gehienak ―ze inozoa zaren, Blanca― bularrekoak ziren; ostera, baziren begikoak, burmuinekoak (lehen saioa omen), zakilekoak, gorrentzakoak eta are behin ezker eskuko hatzarena ere.

Lagintxo horren ondorioa begien bistan dago: Osakidetzak gure jendearen onetan egiten duen lana ez dago islaturik, ez daude hamaika aldaka eta hamaika belaun protesi horiek inon. Berandu dabiltzala? Egia. Baliabideak gero eta gutxiago daudela? Egia baita ere. Salatu egin behar dugula? Bai horixe. Eskubideak nola lortu diren badakigu eta protestatu arren nola galduz doazen ere bai. Baina protestaren gizartea izan beharrean soilik, pentsatu dut esker onekoen gizartea ere izan gaitezkeela. Ondo egindako lanari eta horren atzean dauden langile arduratsuei hainbeste zor diegula.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide