Arazoaren prozesua edo prozesuaren arazoa

Erabiltzailearen aurpegia Blanca Urgell 2019ko urr. 18a, 12:11

"Prozesuaren arazoa eta arazoaren prozesua. Asmatu duzu: Catalunya daukat buruan".

Garai batean dena zen arazo, erazo, erazi edo, batuak agindu bezala, arazi: eginarazi, bihurrarazi, ordainarazi... Gaur, ordea, ez dakit erreparatu diozuen, baina adierazi alde batera utzita, ez ditugu ia erabiltzen. Galdu-gordean daude, bai, baina oraindik hortxe dauden seinaleak argiak dira, norberak berriak egiteko gauza gara-eta. Momentuan bururatzen zaizkit txiokarazi, sorpassarazi, koordainarazi... Bai, ezta?... Baina ez dugu egiten! Erne: kontua ez da bakarrik txiokarazi bezalakoak nekez sortzen ditugula, baizik eta gure aurrekoek barra-barra zerabiltzatenak ere ez ditugula erabiltzen: bihurrarazi, ordainarazi... noiztik ez dituzu entzun? Eta hori zergatik? Ba gaztelaniaren egiturak kalkatzen ari garelako. Bi behintzat ziur, gainera.

Lehenengo kalkoa zertzera behartu da. Orotariko Euskal Hiztegiak dio jadanik Etxeberri Ziburukoak erabili zuela XVII. mendean. Txarto dago, beraz? Ez, ez dut hori esan nahi. Esan nahi dut badugula arazi ere erabiltzea. Adibidez, Ereduzko Prosa Gaur corpusean dauden adibide ugarietatik abiatuta, "Atzo jokatzera behartu zuten" esan beharrean, badagoela "Atzo jokarazi zuten" esatea ere. Bigarren kalkoa eraman aditzaz egina da, ezohikoagoa, baina ikasleetan ikusten dudanaren arabera, poliki sartzen doana: adibidez, "Beldurrak eraman gaitu hainbeste txorakeria esatera masturbazioaren inguruan" perpausa aurkitu dut, "Beldurrak esanarazi dizkigu"-ren ordez.

"Hizkuntza betiere aldatuz doa eta gutxitan ohartzen gara haren aldaketaz"

Prozesu hitzarekin ere antzeko arazoa sortu zaigu. Egitea eta ibiltzea berez dira prozesuak; sortzea berez prozesua da, desarautzea prozesua da, bateratzea prozesua da, baina dena bete zaigu sortze-prozesuez, desarautze-prozesuez, bateratze-prozesuez, eta abar. Dena da prozesuaren prozesua. Erdararen eraginez hau ere, jakina. Zainduko ote ditugu, bada, gure "arazo-ak" –edo arazi-ak– eta gure prozesu ez-prozesuak? Batek daki. Hizkuntza betiere aldatuz doa eta gutxitan ohartzen gara haren aldaketaz... berandu deino, Axularrek esango lukeen bezala. Berandu izan arte.

Prozesuaren arazoa eta arazoaren prozesua. Bai, irakurle, asmatu duzu: Catalunya daukat buruan. Beti daukat Catalunya buruan. Eta madarikatzen ditut Estatutu berria ukatu zioten Espainiako legebiltzarkideak, eta madarikatzen ditut Artur Mas eta haren gobernua, ongizatearen estatua suntsitzen ari zirela estaltzeko "independentzia" hitza debaldetan erabili zutelako. Argitasun Lege baten alde, Catalunyarekin beti, katalanen erabakiaren alde beti.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago