Di-da

Erabiltzailearen aurpegia Blanca Urgell 2019ko ots. 7a, 09:20

"Burura etorri zait duela 30-35 urte nola egiten genuen lan. Gogoratzen, adinkide hori?"

Orotariko Euskal Hiztegia-n kontu bat egiaztatzera joan Euskalbar 5.0-ren baliabideetatik sartuta, eta "error" hitza agertu zait pantailaren goialdeko ezkerraldean. Gainerakoa zuri zegoen. "Ez da ezer" pentsatu dut: loturak huts egin du, beharbada Euskaltzaindiak azkenotan web-orria aldatu duelako. Segituan bilatzailean jarri eta, hara!, "error" mezu bera, pantaila zuri bera. Hau aztoramena! Ordubetetxo bat baino ez zutabea idazteko eta abiapuntuak kale.

Inspirazioari nola deitu orain? Mindfulness ikastaro batean ikasitakoa gogoan, gorputza aulkian zuzenago ipini, begiak erdi-itxi eta pentsamenduari bere kasa ibiltzen utzi diot, arnasa pausatzearekin bat. Burura etorri zait duela 30-35 urte nola egiten genuen lan. Gogoratzen, adinkide hori?

Mahaigainean paperezko hiru hiztegi nituen: Azkueren hiztegia (1905), euskara-gaztelania-frantsesa, "Kintanaren hiztegia" izenaz ezagutzen genuen Hiztegia 80, bi norabidetakoa (1980) eta Placido Mugicaren Diccionario castellano-vasco (1965). Hiztegia 80 oso ondo zetorren tampax euskaraz tanpax esaten zela jakiteko, Azkuek ez baitzituen eduki mota horiek batere eskaintzen; bidenabar, ezta elektrizitate edo tren bezalako aspaldikoagoak ere.

Mugicarenean gauza gehiago topatzen nituen, baina, halere, sufrikario hutsa zen. Edo behar nuen hitza ez zetorren, edo etortzekotan hamaika aukera zeuden nahaste, nongo hitza zen (bazter batekoa? orokorra?), noizko hitza zen (neologismoa? zaharkitua?), baita nolako hitza zen ere –ez baita gauza bera erdipurdiko eta hala-holako, izorratu eta gogait egin, ezta?– jakiteko inolako argibiderik gabe, inolako adibiderik ere gabe.

Berogailuak gaur gela ondotxo berotu duenez, aspaldiko kontuak oroitzen erdi lo gelditu naiz. Esnatu orduko, bazebilen berriro Euskaltzaindiaren web-orria. Duda nituen bizpahiru kontuak di-da konpondu ditut. Laster-laster, zer ez ote da egin ahalko?

Amak dioenez, goizegi jaio gara. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago