Zalantza-malantzan

Erabiltzailearen aurpegia Blanca Urgell 2018ko aza. 15a, 14:09

"Herri txarrean jaio naiz zalantzati izateko. Beti zirt edo zart egiteko egokieran bizi gara"

Gure mundu honetan zalantza ez da aintzat hartzen. Asertiboa estimatzen da, iritzia sendo adierazten duena, adorez erantzuten duena, tertuliakide azkar zorrotza, ozen mintzo dena, ez dar-dar, ez durduza ez dabilena. Di-da erabakitzen duena. Alfa arra edo emea.

Ni, ordea, zalantza-malantzan ibili ohi diren horietako bat naiz. Entzun eta (ia) denak ondo ematen dit hasieran; gero pentsatu eta duda-mudan hasten naiz: horrela ote, ala bestela? Alde onak eta alde txarrak ikusten ditut, itxuraz zein baino zein zentzuzkoagoak. Batzuetan leon-kastillo botatzekotan nago, baina, badakizue: maiz ez dago aukerarik, berehala bestek hartzen baitute aurrea. 

Euskal arimakideen bila hasi eta Pirmin Iraolagoitia pasiotarrarekin egin dut topo, Descartesen zalantza-bidea argitaratu baitzuen Jakin aldizkarian, ni jaio eta urtebetetxo bat lehenago –antzinatean, beraz–. Kartesiarra naizela esatera nihoan, agian baita iraolagoitiarra ere, baina... bai zera: Iraolagoitia jaunak garbi daki egia zein den. Descartesek ez, ez hasieran behintzat, baina berak bai: egia Egia dela esan genezake. Egia errebelatua, egia berdaderoa, zalantzaren itxurak bakarrik onartzen dituena. Dena dela, funtsean, asertiboa da finean Descartes bera ere: "Pentsatzen dut; orduan banaiz" baieztatu zuen (pasiotarraren itzulpen ederraz), eta horrekin dena esanda utzi zuen. Kontxo: neuk, Descartesek ez bezala, pentsatuago eta sarritan duda gehiago.

Herri txarrean jaio naiz zalantzati izateko. Beti zirt edo zart egiteko egokieran bizi gara. Hemen zaude, ala han? Gurekin ala gure kontra? Zuria zara, ala beltza? Batek deitu, besteak tira. Ai ene, Mari Anton: ezin geldirik egon. Eta  ni, artean, Iraolagoitiaren "egiaren leiketasuna"-z —izenaz ala izanaz?— maitemindu ere egin naiz bere lantxoa irakurri bitartean. Ez dut erremediorik.

Izan ere, zalantza zintzo, benetako eta handiak izaten ditut hedabideetan egunero agertzen diren gai (ia) guztiez. Sailkagaitza naiz? Partikulua kuantikoak bezala harrapagaitza? Ala nagia, zabarra eta axolagabea, besterik gabe? Hausnarketaren bideari heldurik pentsalari handia, ia-ia Lao Tse bat izatera helduko naiz denborarekin, ala izoztuta geldituko naiz neure ergeltasun itxurosoan? 

Nork daki, jaun-andreok. Ezer ez baitakit nik, ezer ez dakidala baizik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago