Koloretan pentsatzen

Erabiltzailearen aurpegia Blanca Urgell 2018ko ira. 7a, 08:00

"Ez zuri ez beltz; bien arteko kolore arre anitz sumatzeko gauza garenontzat infernua"

Gasteizen aise ikusten dugu iraila datorrenean lehen hostoak urrez horitzen direla, zeruko agindua bailitzan legetxe. Batzuk lurrean ere badira, emeki-emeki giroaz jabetzen ari den haizearen eraginez.

Berrogetaka aldiz ikusi dugu iraila. Atzera berriz ikusiko ditugu laster gaztainak lurrean, gero erreak, geroago elurra –baletor–, eta ondotik euria, apirila eta maiatza, azterketak eta oporrak, eta iraila berriz, eta ezin esan dezakegu mundua hobetu denik. Ezta okerrera egin duenik ere. Egonean dagoela dirudi nonbait. Gaur hemen, bihar han. Gaur hezueria, bihar buruko mina. Gaur dieta, bihar bankete. Gaur ezkontza, bihar hileta. Gaur Yemenen eta Ukrainan, bihar nork daki non. Panta rei esan omen zuen Heraklitok. "Dena badoatzi, deus badagonik" itzuli zuen Jean Etxeparek, oker ez banago. Panta rei, dena badoa. Uda ere badoa eta, halaz ere, berriz etorriko da, badator jada, itzulera etengabean.

Ezer ikasten ote dugu errepikaren errepikaz? Ezezkotan nago. Norbanakook bai, batzuetan behintzat, baina gizarteak ez. "Estatus berria" esapidea oldartu zait gaur egunkaritik. Atzo edo herenegun ere ikusi uste nuen, "estatutu"-ren ordezko akatsa zelakoan. (Barkatuko didazue, irakurleok: uste baino deskonektatuago egon naiz abuztuan, antza). Gainetik begiratu dut nola dagoen kontua. "Kontua" ez baita zehazki Iban Zalduaren "Gauza", gaitzerdi.

Ez naiz igarle, baina ausartuko naiz esatera "Kontua" berriro ez aurrera ez atzera geldituko dela, erretorika politikoaren linboan. Eta, zinez, ni berdinketa horretan goxo geratuko ote garen esperantzak hartuta nago, zortzi urte ez baitira ere igaro ETAren su-etenetik. Tarteka behintzat "Gauza" ez diren bestelako gauzez kezkatzeko aukera zabala dugularik, orain gaudentxoan egoteko prest nago, zin dagizuet, estatutu berriaz, zein estatus berriaz, zein asma ledin edozertaz gogoeta egiten etengabe egin beharrik balego ere.

Bitartean, Euskal Herriak ez, Espainiak eta bereziki Catalunyak bizi dute amets gaiztoa, elkar ezinulertua, ezinaditua, ezineramana, irtenbide onik ez duen "Gauza", erabateko zatikadura gauzatu nahi dutenen erreinua, estremismoen bazka, ez zuri ez beltz, bien arteko kolore arre anitz sumatzeko gauza garenontzat infernua. Venn diagraman multzo gorria orlegiz eta orlegia zena gorriz margotuak izan balira bezalaxe.

Bihotza erdibitzen zaigu, beraz, nola edo hala diagramaren ebaketaren batean bizi garenoi. Panta rei, dena badoa. Ados, baina noiz joango dira oraingoan arrazoiaren ametsak sortutako munstro berriak? 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago