Adiskide minak esan dit gaur bertan, buru-makur kafeari eragin bitartean, misantropo sentitzen dela. Ez nau harritu, senarrak utzi, lankideak plagiatu, ikasle begikoenaren zinismoa agertu eta azkenotan bere biografian pilatu diren halako ezbeharrak oro gogoan hartuta. Baina berak ezetz. Misantropoen elkartean sartzeko arrazoia, gainezka eragin diona, zeharo amorratzen duena hauxe da: bart Susan Sarandon Una madre imperfecta (The Meddler) filmean ikusi izana, happy end ergel batean J. K. Simmons-en besoetan bukatu izana batik bat. Amatxo alargun alai nekaezin positibo eskuzabal bihurtuta ikusi egin behar emakume sendo ekintzaile hori.
Halere, ez omen dago emakume misantropo izateko eredurik erraz aurkitzerik. Top 10-ean bakarra dago: Patricia Highsmith, baina adiskideak ez du "...ankerra, gupidagabea, bihotz-gogorra, maitaezina, hotza" izan nahi –horrela deskribatu zuen, hil ondoren badaezpada, Otto Penzler EEBBko bere argitaratzaileak–. Eta gizonetan? Adiskideak ez du bere misantropia ikuskizun bihurtu nahi, automutilazioaz eta norberaren gorotzetan irauliz, GG Allin abeslariak bezala. Ez du odola lapurtu nahi, ez du inor hiltzeko gogorik. Eredu bat hautatzekotan, misantropia barojarra hautatuko luke, alegia, onbera denak bizirauteko behar duen babeslekua.
Esan dit berak ez duela Sarandon-en pertsonaiak bezala bukatu nahi, amatxo dibortziatu alai nekaezin positibo eskuzabal eta astuna –batez ere astuna–. Itzea-n zarratu beharra duela, beraz, liburu eta oroitzapen artean, ixilean. Kuxinez betetako dibanean irudikatzen du bere burua, katu bi behintzat inguruan, bata pertsa zuria eta bestea Cheshire katua, noski. Erretzera itzuliko dela, oraingoan shishan nagusiki, eta berriro whiskiaren zale bilakatuko dela. Are seme-alabek ere deitzen diotenean, telefonoa hartzekotan –ez baita ziur beti hartuko dienik– ahots loguratsuz erantzungo diela, ahoarekin etengabeko ke-gurpilak eratu bitartean.
"Ez da horrenbesterako izango", esan diot nik. Burua makurtu du berak: badaki ez dudala ondo eramaten Susanen kontra aritzea, are gutxiago gosaltzeko orduan.