Azterketan

Erabiltzailearen aurpegia Blanca Urgell 2018ko urt. 26a, 11:11

"Euskaldunak aspaldi erabaki zuen berak ere aztarrika egiten duela etengabeko lan edo ibileretan dabilenean".

Azterketa zaindu bitartean idazten ari naiz aste honetako zutabea. Metaforaz hitz egitea eman dit gogoak, alegia, alor bateko hitzak beste bateko esperientziak azaltzeko erabiltzean datzan baliabideaz. Hain ohikoa, eta hain gutxi aztertu dena gure euskaran.

Betidanik atentzioa eman dit, niri kaletar peto honi, azterketa hitzaren familiak. Orotariko Euskal Hiztegiak diosku Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian aztarrika edo aztarrikan oiloak eta oilandak, eperrak, txoriak eta idiak bederen egiten dutela, batzuek mokoaz eta besteek apatxez. Hala ere, euskaldunak aspaldi erabaki zuen berak ere aztarrika egiten duela etengabeko lan edo ibileretan dabilenean. Honatx lehen metafora. Frantzisko Atutxa dimarrak erabili zuen Mugarra begiraria liburuko bertso honetan: Amesetan be neurtu eleiken / lurra dozu Amerika; / orobat ez da bukatzen iñoiz / an danaren azterrika. Bazekien berak zer zen hori, bizitzaren erdia baino gehiago misiotan eman baitzuen.

Mendebalderagoko euskaldunek, aldiz, azterka hautatu dute, edo aztarrietan. Gizakiok azterka egiten dugunean, bada, aztarrenak bilatzen ditugu, ez zomorro eta hartxoak. Aztarrena edo bilakuntza dio Mogelek, baita aztarrena edo esamina ere, gure bigarren metafora ezberdina delako seinale. (Pentsa! 1803 arte ez du aztarrenik utzi aztarren hitzak, dudarik gabe 200-300 urte arinago ere erabiliko bazen ere, mila urte lehenago ere bai, auskalo). Bidenabar, zuek zer ematen duzue jokoan, pistak ala laguntzak, Elhuyarrek proposatzen digunez? Ala aztarrenak, Orixerekin bat? Bi aztarren emango ditizut idatzi zuen berak Quiton arrebarekin liburu ederrean. Ni kontu hauetan Orixeren alde beti (bestetan beti kontra, of course).

Baina azterketan geunden eta zalantza sortu zait: irakasleak bilatzen ditu aztarrenak azterketan, ala ikasleak uzten ditu? Nago bigarrena ez ote den jatorriz, baina, nolanahi ere, aurrean ditudan 48 ikasle prestuen azterketak (48 x 4 = 192 orri, gutxieneko kontuan), neuk aztertu beharko ditut, ai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago