1. ekintza. Terraza batean gaude 15en bat lagun. Eseri eta berehala kamareroa dator. Saharaz beheko mutil luze irrifartsu bat. 15 edatekoak apuntatu eta badoa. Gure arteko batek: "Ziur dena txarto dakarrela". Gainerako guztiok isilik. 15 edatekoak ekarri, banatu eta hara: zurito baten ordez kaña ekarri du. "Ikusten?".
2. ekintza. eldiario.es-en arabera (2017-11-20) Madrilgo udaltzain batzuek "Hitler bai mutila; berekin dagoenekoz tximiniak ketan leudeke" bezalako perlak idatzi dituzte beren arteko txatean. Txakurrak aske dabiltza garai mingots honetan, odol gose. Kaleetan ikusi ditugu, Bartzelonan, Valentzian, Madrilen.
Tarteko gogoeta. PP-ren gobernuak –eta bere politika ekonomiko-errepresiboak babesten dituzten alderdiek– bolborategira garamatzate. Birrindu dute oposizioa: ez dago askoren etsipena batu eta bidera dezakeenik. "Nirekin edo nire kontra zaude?". Hitler gorrotatzen duten pertsonek ere etorkinei gaizki begiratzen diete.
Azken ekintza. E. Kamerundik etorri zen duela ia bi urte. Unibertsitatera sartzeko probak egin zituen iaz, eta ez zituen gainditu matematikako azterketan denbora gaizki neurtu zuelako. Bestela, gaztelaniazkoan ia 5 atera zuen. Urtebetean ia 5 atera. Bere hizkuntzetako bat –amarena, aitarena edo frantsesa–, jakin nahi nuke zenbat denboratan ikasiko nukeen nik ia 5 ateratzeko. Berak hiru urte behar izan zituen Penintsulara etortzeko. Beraz, aurten berriro saiatuko da azterketa gainditzen, eta lortuko du. Dudarik ez.