Bart parrandan ibili ginen desorduetan, arabar gehienok dagoenekoz etxean zeundeten garaian, Santiago egun hodeitsu baina epel hori txistu, pintxo, berakatz eta lagun artean igaro eta gero. Dato kaleak ordu txiki haietan zabortegia zirudien: plastikozko katxi zati zuriek, edozertariko paper, puxka eta kristalek zipriztindua zen, zoramen urakanatu batek hartua bailitzan legez.
Zaharrago zurrunago omen, eta pentsatu nuen puxka falta zaigula herritar gisa nerabezaroa igarotzeko. Gasteiz garbi nahi badugu, ez dugula zikindu behar. Eroso nahi badugu, ez dugula oztoporik ipini behar. Berde nahi badugu, landatzen ikasi behar dugula. Irekia nahi badugu, ez dizkiegula begi-bihotzak besteei itxi behar. Baketsua nahi izanez gero, ez dugula gerrarik ere egin behar.
Gogoa nesken eta blusen aferera joan zitzaidan segituan. Ni behintzat ozta-ozta jabetu naiz zer gertatu den, eta zer gertatuko jaietan. Ez dakit nor den nor eta zer den zer, ezta zergatik edo nola izan den Komisioaren eta Federazioaren artekoa. Eta, egia esanda, bost axola dit. 54 urtetan denetarik ikusiak gara. Voló, voló abestetik ETA ez oihukatzera igaro ginen (ia) elkarrekin, Zeledon aurrean ikurrina astintzeagatik iheska ateratzetik Andre Mari Zuriaren plaza Euskaltelen laranjaz margotzera. "Blusak" izatetik, "blusak eta neskak" izatera igaro ginen ez-arian bezala. Eta igarotze hauetan guztietan blusek eta neskek zerikusi handia izan dute beti. Zer izan daiteke orain hain larri, hain garrantzizko, hain ezingaindituzko, gasteiztarron irudi, ikur eta ordezkari diren horiek jaiak elkarrekin egiteko gauza izan ez daitezen?