Hizkuntz zomorroak

Erabiltzailearen aurpegia Blanca Urgell 2017ko eka. 2a, 10:50

"Hizkuntzaren muina, mezuen arima, nano horiek osatzen dute".

Hitz batzuk maite ditut, hala nola maite bera, mendia, begia eta ekia, zaharra zein zuhurra, nire hitz maiteen kutxa doi bat zabaldurik, burura di-da etorri direnekin. Aski da, zeren horiek irakurri orduko beste hainbeste etorri baitzaizkizu zuri ere, ezta? Ba, orain utzidazu postura egiten: baietz denak izen-izenondoak izan!

Ez, ez, ez naiz igarle edo sorgina (beno, zehatzago ez dut sorginkeriarik erabili oraingo honetan). Denoi gertatzen zaigu. Hitza hitza entzun bezala halakoak bururatzen zaizkigu. Ea, altxa dezala eskua ere, hau, eta, naiz edo jako gomutara etorri zaizkionak. Inork ez? Horrelako esker txarrekoak gara gramatika-partikulekin.

Baina ez ote dira izenak-eta hizkuntzaren muina, mezuen arima, komunikazioaren gakoa? Adituek ezetz erantzun digute: horiek aurpegia ematen dutenak baino ez dira, Hollywoodeko izarrak, meritu guztia daramatenak. Hizkuntzaren muina, mezuen arima, komunikazioaren gakoa, nano horiek osatzen dute, gramatika-informazio guztia lepoan hartu eta garraiatzen dutenek.

Euskara ikasten ari nintzen garaian, orduko Norte Exprés arratsaldeko egunkarian bazen egunero euskarazko zutabe bat: gogoratzen? Egun batean irakurtzeko kemena bildu nuen. Ezin ulertu, ostera. Nire euskara urriak bazukeen zerikusirik, baina batez ere zutabe osoan bazen hamaika aldiz ageri zen zomorro gogaikarri bat, irakurketa zapuzten zidana: neuk be, honek be, egin be, esan badeutsa be... eta dena holaxe.

Zer? Hemendik aurrera meritu gehiago emango diegu?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago