20. Korrika

Tortaka

Erabiltzailearen aurpegia Blanca Urgell 2017ko api. 6a, 14:05

"Bi urtean behin korrika egiten dugu, karra, laster, arineketan...".

1562an, Korrika ibili beharrean Tortaka ibiliko ziren gasteiztarrak. Hala esaten zuen behintzat Landucciren hiztegiko berriemaile nagusia zenak, "A eskua"izen lehorrarekin ezagun dugun gizaki ezezagun hark. 

Gogoetan nabil batzuetan nolakoa zatekeen hura. Gizona zatekeen (dudarik ez), emazteki gutxik baitzekiketen orduan idazten, eta jakitekotan ere inor gutxik pentsatuko baitzukeen hiztegi bat osatzeko gai zirela. Maila batekoa zatekeen (dudarik ez honetan ere), oro har gutxik baitzekiten orduan idazten baita gizakumeen artean ere, gutxiagori bururatu baitzitzaion ts eta tz hotsak grafikoki bereiztea s eta z-tik. Gure Lazarragari ez, behintzat, baina A eskuari bai. Letra-gizona zatekeen, beraz, ikasia, diruduna apika, edo langile porrokatua bederen, hamaika ordu gaztelaniazko hitzak euskaraz nola esan burua hausten egoteko lain.

Dena dela, halako kargudun edo zaldun bat bazen, Torta egitekotan zaldi gainean ibiliko zen, ez jogger, ez runner, ez marathoner, baizik eta horseman zatekeen, zaldi gainean tente eta harro.

Guk, XXI. mendeko gasteiztarrok, ezin dugu berak egin zuen balentria hura egin, alegia, Arabako euskal hitzez osatu hiztegi bat gerokoek gogora dezaten. Bi urtetan behin korrika egiten dugu, karra, laster, arineketan, eia, lasterka edo tortaka, batzuetan baita trinkin alfer traketsok ere, zertarako eta hemendik gizaldi batzuetara berriro ere norbaitek jakin-minez Araba osoko euskal hitzak biltzen lehiatu dadin.

Hala biz.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago