1,60 euro

Erabiltzailearen aurpegia Blanca Urgell 2017ko ots. 2a, 18:28

"Gobernuaren gutun bat jaso du, bi orritan pila bat azalpen..."

Bart amari deitu nion. Ez dugu egunero elkar ikusten, ezta elkarrekin telefonoz hitz egiten, batez ere ni alaba txarra naizelako (daitort): beti nabil lanpetu edo liatuta, eta ohitu egin da. Hala eta guztiz ere, gero eta sarriago deitzen dut, berak asteko dei protokolarioa egin baino lehenago, inoiz astean pare bat aldiz ere bai. Badakizue? Duela hilabete 80 urte bete zituen. Agian horregatik deitzen dut sarriago. Ez berak behar nauelako, ai, neuk behar dudalako baizik.

Dei batetik bestera egin dudan eta gertatu zaidan guztia kontatu nahiko banio berak darabilen xehetasunarekin, denboratxoa beharko nuke. Berak kontatzeko daukana, aldiz, pospolo-kaxa batean sartzen da alargundu zenetik. Halere, halako bizitasun batekin kontatuko du, ezarian pare bat aldiz kontatuko ere, behinola amona Alejandrak egiten zuen legetxe. (Badakit, beraz, horixe dela nire patua).

Hala bada, bart osasunaz hitz egin zidan, gripe txar bat igaro berritan dagoelako (gasteiztar gehientsuak bezala, ezta?). Gero anai-arreben azken berriak, beraren lagunen batena, eta abar. "Entzun, Blanca: barre egingo duzu eta", diosta azkenik. Kontua da Gobernuaren gutun bat jaso duela, eta barruan bi orri handi, eta bi orriotan pila bat azalpen. Hainbeste kontu zertarako, eta pentsioa 1,60 euro igo diotela aldarrikatzeko. Euro bat eta hirurogei zentimo. "Argia ez dute asko igo, ba?", esan dit.

Zer iruditzen? Barre egingo dugu elkarrekin?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago