Axularrek Etxauz hil berriari idatzitako gutuna, Atxagaren ziutatea, Ordorikaren anfora, Zubiriaren ahotsean kulunkatzea, Biguriren Italia usaineko prosa, Bilintxen triste bizi beharra, Amurizaren motiboetan bat. Goikoetxeak, Sarriugartek eta Minerrek astegun buruzuri batean erraiak astintzea. Ilunpe batzuetan, Wish you were here ere bada, zinez.
Niretzat euskara da... XVI.eko eskuizkribuko hitz ulergaitza asmatzea. Igaraba eta Larramendi, garrazmin eta Añibarro, Lardizabalen gaitz-estali, Landuccioren andra idolatrea. Benetziari Sasiolak idatzia, Kontxesiri Izuetak eta, nola ez, Oihenartek Xuriari. Aldiz, ebanjelioa Ana Urrutiren arabera beti, Leizarragaren baimenaz (edo gabe).
Niretzat euskara da... euskaltegiko andereñoak (1977?) r gangarduna aspaldiko erabiltzen ez dela azaldu beharra. Aditz jokoak ustez banekizkiela, iezaizkiozue eta zatzaizkie barne, bider toka eta bider noka egin behar nuela deskubritzea. Bazkalostean nik zirriak zer den galdetu eta Bixi zenak keinuz azaltzea, begiak dir-dir, gainerakoen algara artean. Batzuetan bestek, iniziatuek soilik, menderatzen duten misterioa, ni tenploaren atarian betiko belauniko egonarazten nauen jainko ilun eta ankerra.
Niretzat euskara da... ez aiton-amonen, ez gurasoen, ez neba-arreben, ezta lagun gehienen hizkuntza ere. Bai seme-alabena, ostera, adiskide hautu batzuena, baita beharbada etsairen batena ere (dena Arkadia ez dadin izan).
Niretzat euskara da... neronek borondatez eta nahita besarkatu dudan hizkuntza. Neurea.