Belarriak euskaldun

Erabiltzailearen aurpegia Blanca Urgell 2016ko urr. 13a, 11:28

"Hizkuntzaren bizitasunaren seinaleetako bat da herri-etimologia"

Aurreko astean, Gasteizko Irakurle Klubaren programaren aurkezpenean, Maialen Lujanbio bertatik bertara entzuteko plazerra izan genuen. Harrezkero bere ideia bat dabilkit buruan, alegia, euskaldunak mihia ez ezik, belarriak ere euskaldun dituela.

Lujanbiok kontatu zigun txikitan gominolari domingola esaten ziotela, orduan domeketan bakarrik jaten zirelako edo. Berehala etorri zitzaidan burura Azkueren hiztegiko artomutila, Gernikan eta Arratian automobilari esateko omen zerabilten berba ederra.

Horrelakoak herri-etimologiatik sortuak dira. Belarriak nahi duena entzuten du eta, hartara, euskaldunek erdal hitzok euskararen baitara ekarri dituzte, esanahiaren aldetik gutxi-asko egiantzekoa den erara ulertuta. Hori natural-natural egiten du belarriak euskaldun dituenak. Hizkuntzaren bizitasunaren seinaleetako bat da herri-etimologia, agian ezezagunenetakoa.

Ikasiago eta elebidunago garenetik beldur naiz ez ote diren desagertu(ko) artomutilak eta domingolak,ia barregura baino ez digute ematen eta. Halere, bestela ari gara erdarekin jolasten. Naturalak ez, baizik propio pentsatuak izan arren, ez ote dira ildo bertsukoak Twitterren #hitzokei traolaren azpikook?: “Burukini: burua bakar-bakarrik estaltzen duen bainu-jantzia”. “Donosaurioak: zuk eta nik ezagutzen ditugun donostiar oso vintage glamuroso horiek”. “Jai guai to JEL = Alderdi Eguna”. “Nihilismoa: ni hiltzearen alde dagoen ideologia”. “Zaharkasmoa: denboraren poderioz indarra galdu duen esaldi umoretsu eta ustez iraingarria”.

Hedatu eta agertuko ahal da horrelakorik XXI. mendeko hiztegian?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago