Fulak

Erabiltzailearen aurpegia Blanca Urgell 2016ko api. 7a, 13:58

"Jainkosak parean jarri dizkit fulak eta belarrira esan dit haietaz mintzatzeko".

Babesgabetuen eta iheslarien jainkosa lanpetuta dabil. Hamaika begi ditu bere ardurapeko hirurogeitaka milioiak begiratzeko itsasoz eta lehorrez. Hala ere, nire galderei erantzun txiki bat eman die.

Gasteizen iaz 3.213 omen ziren Saharaz hegoaldetik etorritakoak (%1,3), erdiak nigeriarrak. Hauen artean bada Arabako herri asko baino haziagoa den talde bat, Gineako Errepublikako 165 lagunek osatua, gehienak fula etniakoak. Adi: ez Ekuatore Gineatik, baizik eta Ginea-Konakry ere deritzanetik. Jainkosak parean ipini dizkit fulak (fulbe, pluralean jarrita), eta belarrira esan dit haietaz mintzatzeko. Berak egin ez balu, ez nituen aise aurkituko gure hiri gero eta ñabarragoan. Haaly Pular "pular hiztunak" elkartea osatu dute fulbe kulturari eusteko eta jaioterriko garapenean laguntzeko. Afrikako 53 herrialdeetatik 24tan hitz egiten den hizkuntza da pular (edo fula). Haali pular bilatzailean jarriz gero ikusiko duzu, irakurle, mundu osoko fulek elkartuta jarraitzeko egiten duten ahalegina.

Pintore, arotz eta antzekoetan lan egitera etorri eta orain bada lana duenik, baina baita langabeziak etsixea denik ere, noski. Dena dela, talde trinkoa osatzen dute Gasteizen, eta niretzat harrigarri den neurri batean dira solidario. Kulturala ote? Deserriak areagotua? Oraingoz ez dakit. Bi pintzelada baino ez dira hauek, gure auzoko fulak ikusarazi nahiz. Jainkosari zor. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago