Gora Gasteiz!

Erabiltzailearen aurpegia Blanca Urgell 2016ko ots. 8a, 14:06

"Eta, halere, a zer ezintasuna. Zer egin. Nora jo. Non ikasi. Non eskua bota".

 

Ezagutzen ditudan kolonbiar ia guztiak Gasteizkoak dira. N.k badaramatza hamarren bat urte Espainian, eta lauzpabost hemen. Astea lanik lan ematen du: orain ume bat eskolara eraman, gero etxe bat garbitu, eta hola. Nazionalitatea eskatu eta ikasketak baliokidetzea lortu du. Gehiago ikasi nahi, lan duinagoa lortzekotan. Etorkizuna hemen ikusten du.

Ezagutzen dudan ekuatoriar bakarra Gasteizkoa da, R. Seme-alabak han utzita dago hemen. Gasteizen lan gutxi dagoela eta astero doa Gipuzkoara, adinekoren bat zaintzen. Hemen lanen bat balego nahi luke. Edozein lan. Etorkizuna hemen ikusten du.

E., jatorriz marrokiarra, Espainian jaioa, EHUn ikasten etorri da Gasteizera. Ikasketak, berak ordaintzen ditu, janari lasterreko horietako batean lanean. Emagazte autonomoa, etorkizuna batek daki non ikusten duen.

Atzo, arabieraz ari ziren Gasteizko emakume belodun batekin hitz batzuk trukatu supermerkatuan: haren irrifarrearen goxoa! Handik atera eta nigeriar bat, hotzak hartuta, txanoa buruan, espaloian eserita, eskean. Ez daki gaztelaniaz. Joruberaz baneki!

ARGIAk “Sustapen ekintza” saria eman dio Gora Gasteiz! ekimenari. Ondo da. Ondo da baita Marotok goranzko ostikoa hartu eta gero entzuten dugun isiltasun (ustez) baketsua ere, agian.

Eta, halere, a zer ezintasuna. Zer egin. Nora jo. Non ikasi. Non eskua bota.

Hona erantzun txiki bat, CEARekoek emanda: hamar iheslari heldu dira honezkero Gasteizera. Pisuak behar dituzte. Baduzu alokatzekorik? Deitu 688 713 127 zenbakira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago