Hilabete oso bat etxetik kanpo eman, 400 kilometro oinez egin eta 32 herritatik igaro ostean, Getxora iritsi zen (Bizkaia) Euskarabentura espedizioa uztailaren 31n. Muxikebarri antzokian egin zuten amaierako ekitaldia. Eta orduan agurtu zuten Ane de la Presa (Gasteiz, 1989), Euskarabenturaren lehenengo bost urteetan koordinatzaile izan dena. Hala ere, De la Presa ez dago "batere prest" Euskarabenturari agur esateko. Aurrerantzean ez da koordinatzailea izango, baina proiektuaren parte izaten jarraituko du.
Zelan daramazu espedizio osteko aje fisiko eta emozionala?
Fisikoki, logura dut denbora guztian. Eta alde emozionalari dagokionez, hau ez dut haustura bat bezala bizi. Inflexio puntu bat da, baina elkartean jarraitzeko asmoa dut. Ez nago batere prest alde egiteko. Uste dut jende gazteagoa sartu behar dela elkartean; hori da lanpostua uzteko arrazoietako bat. Hasierako gazteekin hurbiltasun handiagoa sentitu nuen: izateko estiloan, erreferentzia kulturaletan, partekatzen genuen iruditerian.... Arrakala gero eta handiagoa dela uste dut.
Erabat asebeteta geratu zara azken espedizioarekin?
Zaila da erabat asebeteta geratzea. Etapa eta erronka batzuk bete ahala, beti sortzen dira beste batzuk. Beti daude amets berriak. Uste dut ez garela inoiz guztiz asebeteta geratuko, baina oso pozik egon naiz. Nabaritu da laugarren espedizio osoa izan dela. Irune [de la Maza] beste koordinatzailearekin batera, lasaitasun gehiagorekin bizi izan dut espedizio hau, eta gehiago gozatu dut.
Elkarrizketa hau BERRIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.