Hilabete eta erdi oso gogorra pasatu du Sergio Delgadok (Gasteiz, 1997), otsailean hartutako erabakiaren ondorioz. Haserre agertu da azken bi urteetan Euskal Mendi Federazioko zuzendaritzak emandako tratuarekin, eta azken asteetan ez du askorik hitz egin komunikabideetan, baina bere testigantza utzi nahi izan du gertatutakoaz. Aho bizarrik gabe hitz egin du.
Orain dela hilabete inguru, eskaladako euskal selekzioa denboraldi batez uzteko hautua egin zenuen. Nolatan?
Printzipioz, bost urterako baimen edo lan utzialdi bat hartu dut. Baina arrazoi asko daude erabakiaren atzean. Oso zaila da ondo lan egitea ez badigute uzten. Tamalez, erabakia arrazoi horrengatik izan da. Ez da kirolariengatik izan, baizik eta Euskal Mendi Federazioko zuzendaritzan dauden pertsona eta guraso batzuengatik. Oro har, sufritu dudan presioarengatik utzi dut kargua.
Asko hausnartutako erabakia izan da?
Bai, asko-asko hausnartutako erabakia izan da, eta esan dezaket izugarri kostatu zitzaidala hartzea. Denok egiten dugu lan diruagatik, baina nik lan hau ez nuen diruagatik egiten. Kirolariengatik ordu pila bat sartzen nuen lan honetan; baina momentu batean ezinezkoa zitzaidan egoera honetan lanean jarraitzea. Inguruan presio handia sentitzen nuen, federazioarengatik. Ez zen emaitzengatik. Azkeneko bi urteetan errekorrak apurtu ditugu, dominak kontuan hartzen baditugu. Goikoen erabakia izan da ni egoera honetara iristea.
Zuzendaritzakoen proposamen bat zen zuk taldea uztea?
Lanorduak jaitsi nahi zizkidaten, eta soldata ere bai, noski. Hori, hasteko, ilegala da. Erreala ez zen ordu estimazio bat egin zuten, eta, azkenean, bai pertsonalki, baita profesionalki ere, bakoitzak bere buruari eman behar dio balioa. Kirolariek asko baloratzen ninduten, baina Zigor Egia presidenteak, Iñaki Garai kirol zuzendariak eta Mireia Trigueros batzordekideak ez.
(...)
Albiste hau BERRIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.