Punka uzterik ez dago. 60 urterekin oraindik zainetan darama Txerra Bolinaga (Arrasate, Gipuzkoa, 1962) bateria joleak. Euskal Herriko lehenengotariko punk taldearen sortzaileetako bat izan zen Bolinaga: RIP sortu zuen, 1981ean, eta bizirik jarraitzen du taldeak. Gaztaro frenetikoa bizi izan zuen RIPen: kontzertuak, festa, protestak, drogak... Taldeak heriotzari kantatzen zion, zapaltzen zituen estatuari, torturatzen zuten poliziei... Erritmo azkar eta kantu-hitz zuzenei fidel, beste barik, bizi, ikusi eta sentitzen zutena islatzen zuten abestiek. Baina hori baino askoz gehiago izan da Bolinaga. 1994an Gasteizera joan zen bizitzera, drogarekiko zuen dependentzia uzteko. Hain du atsegin Gasteiz, gaur egun ere bertan bizi da.
Urte askoan musika alde batera utzi arren, orain hiru musika taldetan jotzen du Bolinagak. Hain justu, bilera izan du Konpost taldekoekin. Ondoren, irribarretsu sartu da Hala Bedi tabernara, eta naturaltasunez errepasatu ditu haren bizitzako argi-ilunak.
Punka hil al da?
Ez dut uste; nire ustez, ez da hil. Talde oso indartsuak daude oraindik. Nire belaunaldiko jendeak osatutako taldeek jarraitzeaz gain, gazteek ere zirkuitu alternatiboa dute. Punk jarrera mantentzen da.
Berrasmatu da orduan?
Agian ez da lehen zena, baina oraindik badago punka egiten ari den jendea. Gazte askok beste adierazpide eta musika estilo batzuk aukeratu dituzte agian, baina amorrua adierazten jarraitzen dute. Musika estilo bat baino gehiago da punka, inposatutakotik ateratzeko modu bat. Hori ez da aldatuko.
(...)
Albiste hau BERRIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Elkarrizketa osorik irakurri nahi baduzu, jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.