Hizkuntzaren soziologia gertutik aztertu du urteetan Iñaki Martinez de Luna soziologoak (Gasteiz, 1950). Txikitan ez zekien euskaraz, baina gogoan ditu erreferentzia puntualak, eta gaztetatik izan du hizkuntza horri buruzko kezka. Are, hizkuntza gutxituetako komunitateen egoerak ere ezagutzen ditu. Izan ere, besteak beste, horretan aritzen da Garabide elkartea, eta hango lehendakaria da egun, baina beste hamaika saltsatan ere badihardu. Soziolinguistika Klusterreko sortzaileetako bat izateaz gain, irakaslea izan da Euskal Herriko Unibertsitatean; Eusko Ikaskuntzako kide eta euskaltzain urgazle ere bada.
Ez da erraza nondik hasi jakiten... hainbat dira eginiko urratsak. Aspertzen al zara?
Aspertu, ez naiz aspertzen. Orain, aurreko boladako kontuekin jarraitzen dut. Soziolinguistika Klusterreko proiektu batzuetan ari naiz laguntzen, Garabide elkartean ere ardura formal batzuk ditut, eta badira bestelako konpromisoak ere; ikastaroak eta plangintzak, esate baterako. Hitzaldiren bat ere ematen dut tarteka-marteka. Gustuko aldapan.
Hain zuzen, hizkuntzaren soziologian aditua zara.
Neure burua ez dut maila akademikoko espezialistatzat jotzen, esango nuke gehiago naizela aktibista edo ekintzailea, horretarako zientziaren ekarpena baliatzen duena, oinarri izanda zientzia lagungarria dela norberaren konpromiso partikularrak eta komunitate batekoak aurrera eramateko. Eta horregatik dago ikuspegi soziolinguistiko baten premia.
Albiste hau BERRIAk argitaratu du eta, Creative Commons by-sa lizentziari esker, zati bat ekarri dugu ALEAra. Amaia Ramirez de Okarizen elkarrizketa hemen duzu osorik ikusgai.