Hogei urte Unai Romano torturaren aurpegi bihurtu zuteneko

Erabiltzailearen aurpegia Edu Lartzaguren 2021ko ira. 6a, 15:44

Unai Romanoren torturak erakusten dituen irudia.

2001eko irailaren 6an atxilotu zuen Guardia Zibilak gasteiztarra, eta horren esku egon zen bost egunez, inkomunikatuta. Ikoniko bilakatu da haren kasua, gehienetan ez bezala, atxilo osteko egoeraren argazkia zabaldu zelako.

Unai Romano 2001eko irailaren 6an atxilotu zuen Guardia Zibilak, Gasteizen, ETAri laguntzea leporatuta (errugabetu zuten gero). 30 orduz inkomunikaturik eduki zuten, Madrilen, erietxera eraman behar izan zuten arte. Han argazkia egin zioten 25 urteko gaztearen aurpegi-buru handitu eta ubeldurez jositakoei. Gutxitan lortu da torturak salatu berri dituen atxilotu baten egoera fisikoaren argazkirik. Horregatik, ikoniko bihurtu da Romanoren kasua, hitzez-hitz zein figuratiboki. Gaur ere, tarteka zabaltzen da haren irudia sareetan, baita gezurra esateko ere, baina, beti, torturaren izugarrikeriaren ilustrazio ezin-hobearen gisa.

Atxilotu zuten egunean bertan hasi ziren funtzionarioak Romano jipoitzen, berak Gaztezulo aldizkariari sei urte geroago kontatu zionez. Salatu zuenez, etengabe kolpatu zuten buruan, hainbat jipoi saioetan, eta, besteak beste, elektrodoak jarri zizkioten barrabiletan eta belarrietan.

Albiste hau BERRIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago