Euskal lo kanta tradizionalak berreskuratu eta moldatu ditu Maider Lasa (Gasteiz, 1997) artistak Loa loa, laguna proiektuan, Malen Iturriarekin (Buenos Aires, 1989) batera. Zazpi kantaz osatutako disko bat ondu dute, eta hainbat diziplina batzen dituen proiektu eszeniko bat, hala nola sexu energia lantzeko asmoz. Azken egunetan, Oihaneder Euskararen Etxean eta Baratza aretoan aurkeztu dute lana.
Nola sortu da proiektua?
Maider Lasa: Bartzelonan egon nintzen denboraldi batez, eta, han, sehaska kanta bat etorri zitzaidan burura, oroimenean geratzen direnetako bat. Interesa piztu zitzaidan. Lo kantak maitasunetik abesten diren abestiak dira, eta lotuta daude magalarekin, amarekin, harrerarekin eta segurtasunarekin, eta, noski, bularrarekin: elikatu egiten gaituzte. Hala ere, zahartzean, lo kanta horiek ez dira entzuten, eta bularrak erabat naturalizatutako lekua izateari utzi, eta zerbait sexuala bihurtzen dira. Hortik sortu zen kantak berreskuratzeko ideia, eta, aldi berean, gune horiek askatzekoa, irekitzekoa eta ikertzekoa, helduentzako lo kantak eginda.
Zehazki, euskal lo kantak berreskuratu dituzu.
M.L.: Hemengoa naiz, eta sentitzen dut musika tradizionalak belaunaldien arteko informazio asko dakarrela, arbasoena, eta hori guztia gure azalean eta zelula guztietan dagoela. Zerbait tradizionala entzutean, eta ulertzen denaz harago, badago beste zerbait fisikoa ere, dardara eragiten duena. Horiek elkartzeko eta transmititzeko beharra dago, baina egungo beharretara egokituta, gure bizipenetara eta hausnarketetara.
Albiste hau BERRIAk argitaratu du eta, Creative Commons by-sa lizentziari esker, zati bat ekarri dugu ALEAra. Amaia Ramirez de Okariz Kortabarriaren elkarrizketa hemen duzu osorik ikusgai.