Ramiro Gonzalez

"Lau parke eoliko ez dira aski behar dugun energia berriztagarria sortzeko"

Erabiltzailearen aurpegia Edurne Begiristain 2021ko mai. 25a, 08:30

Ramiro Gonzalez, Arabako ahaldun nagusia. / BBNN

Arabako ahaldun nagusiak ziurtatu du egitasmo eoliko "handiak" beharrezkoak direla Klima Aldaketaren Legea betetzeko. Zahar etxeen kudeaketari dagokionez, azpimarratu du foru gobernuak erdigunean jarri dituela "pertsonen beharrak".

Duela bi aste COVID-19aren aurkako Moderna botika etxearen txertoaren lehen dosia jaso zuen Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak (Burgos, Espainia, 1962). Erabateko immunizazioa lortzeko denbora falta bada ere, aitortu du txertatuta egoteak nolabaiteko «lasaitasuna» eman diola. Karguarekin lotutako arduretan, ordea, ez du lasaitzeko betarik: «Kolpe honetatik altxatzeko garaia iritsi da».

"Probintzia hitzarmen bat negoziatzeko eta adosteko gaitasuna duen patronal bat sortzetik hurbilago gaude"

Zer ondorio ekarri dizkio osasun krisiak Arabari?

Kolpe latza izan da. Ondoriorik gogorrenak birusak erasandako pertsonek pairatu dituzte: hil direnek, gaixotutakoek, haien senide eta hurkoek... Ondorio ekonomikoak sufritu dituztenak ere ezin dira ahaztu. Orain, kolpe gogor honetatik altxatzeko eta osatzeko garaia iritsi da.

(...)

Legealdi honetan Arabako egoitza pribatuen lehen probintzia hitzarmena lortuko al da?

Baietz espero dut. Urrats garrantzitsuak egiten ari gara, eta probintzia hitzarmen bat negoziatzeko eta adosteko gaitasuna duen patronal bat sortzetik hurbilago gaude. Egoitza pribatu guztiek, handiek eta txikiek, gure lurraldearen errealitaterako lan baldintza duinak eta egokiak izan behar dituzte. Eta baldintza duin horiek probintzia hitzarmen batekin lortuko dira.

(...)

"Legea bete nahi badugu, ezinbestekoa da energia berriztagarriak sortzeko proiektu handiak eta intentsiboak egotea"

Araban lau parke eoliko eraikitzeko proiektuek polemika handia sortu dute, inpaktu handia izango baitute ingurumenean.

Une honetan ez dakigu zenbat parke eoliko eraikiko diren. Zenbait proiektuk ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bat egin behar dute, eta azken erabakia Espainiako Gobernuari dagokio. Aldunditik energia berriztagarrien aldeko apustua egiten dugu, energia berriztagarriak sortzeko proiektu intentsiboak beharrezkoak direlako. Klima aldaketari buruzko legeak behartzen gaitu 2030erako energia elektrikoaren % 74 berriztagarria izatera, eta orain, Euskadin % 7 ekoizten ari gara. Jauzi handia egin behar dugu. Legea bete nahi badugu, ezinbestekoa da energia berriztagarriak sortzeko proiektu handiak eta intentsiboak egotea. Aztertu beharko da parke horiek gune horietan instalatzea uztar daitekeen biodibertsitatea errespetatzearekin.

(...)

Euneiz unibertsitate pribatua egingo da Gasteizen. Laguntza publikoa jasoko du?

Arabako Foru Aldundiak ez du eskumenik hezkuntzan, eta bere esku hartzea proiektua ezagutzera mugatu da. Uste dugu lurraldearentzat proiektu interesgarria dela, EHUrekin bateragarria dela, eta aurrera atera behar dela.

(...)

Elkarrizketa hau BERRIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker zati bat ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta elkarrizketa osorik hemen dituzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago