Joan den astean, Euskalgintzaren Kontseiluak iritzia eman zuen EAEko Auzitegi Nagusiak plazaratutako epaiaz; alegia, Irungo Udalak hamabi udaltzain kontratatzeko egindako hizkuntz eskakizunak atzera botatzen dituen ebazpenaz. Hala ere, eta afera "oso larria" dela iritzita, hedabideen aurrean agertu da, Kontseilua osatzen duten eragile ugarien zenbait ordezkarirekin agertu ere. Han izan dira AEK, BERRIA, Euskal Herriko Ikastolak, Elkar, Euskaltzaleen Topagunea, IKA, EMUN, EHE, Elhuyar, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, UEU, Uema, Eusko Ikaskuntza, OEE eta beste zenbait elkarteren ordezkariak ere.
Kontseiluaren idazkari nagusi Paul Bilbaok esan duenez, ebazpenaren oinarria ez da juridikoa, "politikoa" baizik: "Magistratuek epaia idatzi zuten, eta, ondoren, saiatu dira epai hori justifikatzen. Horretarako estrategia desberdinak baliatu dituzte: jurisprudentzia berria baztertu dute, eta hizkuntza eskakizunen prozedurari ez diote jaramonik egin". Haren iritziz, Irungo Udalak "arazo bat" dauka orain: EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia beteko balu, legea urratuko luke.
Albiste hau BERRIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.