Gorobil mendilerroan barrena abiatuko da Urmuga egitasmoa, uztailaren 13an, eta, hemeretzi egunez, Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatuko du, uztailaren 31n Hiru Erregeen Mahaian bukatu arte. Espedizioan, mendizaleak eta musikariak elkartuko dira. Izan ere, mendizaletasuna eta musika batzen dituen egitasmoa da Urmuga.
Urmugak irauten duen egunetan, hainbat kontzertu izango dira: formatu handiko sei kontzertu eta formatu txikiko beste sei. Euskal Herriko eta atzerriko hainbat musikari eta kantari izango dira Urmugako kontzertuetan, eta Et Incarnatus orkestraren 15 bat partaidez osatutako hezurdura izango dute oinarrian. Besteak beste, honako musikari hauek parte hartuko dute: Dupla, Gorka eta Nerea Urbizu, Alex Sardui, Olatz Salvador, Nogen, Anari, Chill Mafia, Niko Etxart, Juantxo Arakama (Glaukoma), Idoia Asurmendi... Lehen kontzertua Tologorrin egingo dute, eta azkena, Izaban.
Urmuga zaindu dezagun egitasmoa ere martxan jarri dute. Natura zaintzearen garrantziaz ohartarazi nahi izan dute antolatzaileek egitasmo honekin, eta Aramaioko (Araba) lurretan dagoen pago zahar batek gorpuztuko du egitasmoa. Antolatzaileek adierazi dutenaren arabera, pago honek 250 urte inguru ditu, eta, herriko udalarekin batera, horrelako zuhaitzak babesteko elkarlanean dabil Urmuga.
Albiste hau BERRIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.