Langileekin bat egiteagatik, Elizak zigortu egin zuen, eta apaiz izateari utzi zion. Ordutik, hamaika borrokatan ibili da, tartean Parisko 1968ko maiatzean eta 1976ko Gasteizko istiluetan. Azken urteak mugimendu antimilitaristan eman ditu.
Plazera da Jesus Fernandez Naves (Oviedo, Espainia, 1934) elkarrizketatzea: badaki entzuten, eta, behin hitza hartuta, bihotzarekin botatzen ditu ideiak, beharbada gogoetaldi luze baten fruituak direlako. Azken 45 urteotan mota askotako borrokak ezagutu ditu barrenetik: Elizak zigortutako apaiza izan zen 60ko hamarkadaren hasieran, Asturiasen (Espainia), langileekin bat egiteagatik; Argentinara egin zuen salto, egoera soziopolitikoa borborka zela; Europara itzulita, 1968ko Maiatzarekin egin zuen topo, non eta Parisen; ondoren, Gasteizko langile mugimenduan aritu zen buru-belarri, 1976ko martxoaren 3an barne; 1987an, berriz, Mercedes Benz lantokitik kaleratutakoen gatazka luzean jardun zen, eta, 1990eko hamarkadatik hona, ekimen antimilitaristaren inguruan ibili da. Egun, ordea, «oso ezkorra» da, eta ohartarazi du hizketan hasi aurretik, "badaezpada ere".
Zer borroka interesatzen zaizu gaur egun?
Argentina, Ekuador eta Boliviako azkenaldiko borrokei jakin-minez erreparatu diet. Haize freskoa dator handik, borroka sozialei dagokienez. Arlo teorikoan, berriz, zapatismoak erakartzen nau gehien, eta ez soilik indigenei buruzko aldarriagatik. Boterearen aurkako borrokaren porroten ondoren zer egin galdetzen dute zapatistek, eta esaten dute geure buruari begiratu behar diogula, mundu alternatiboak sortze aldera zer egin dezakegun ikusteko, baina boterea alde batera uztita. Debate hori da gakoa: zer aldatu nahi dugu guk geuk? Autokritika kontu bat ere bada. Horren falta sumatzen dut nik.
Bitxia da, ezkerrak boterea hartzea azken helburutzat hartu duelako ia beti.
John Holloway gogoetatu zen horri buruz. Kontua da botereak gaur egun daukan kontrola erabatekoa dela. Beraz, boterearen kontzentrazio horrek gauzak beste era batera planteatzera behartzen gaitu.
Elkarrizketa hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker zati bat ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai, osorik.
Jesusen lagunek blog bat irekitzea erabaki dute, berari, familiari edo bere ibilbideari buruz edozer adierazi nahi duten pertsonek publikoki konpartitzeko aukera izan dezaten.
Testuak, irudiak edo dena delakoak jasotzeko helbide elektroniko bat zabaldu dute: jesus.f.naves@gmail.com