Kontseiluak, Topaguneak, Durangoko Azokak, Errigorak, AEK-k eta Ikastolen Elkarteak agerraldi bat egin dute Bilbon, euskalgintzaren ordezkaritza zabal baten izenean, Covid-19aren pandemiaren garaian euskarak eta euskalgintzak bizi duten egoera "larriari" buruz abisua emateko. Pandemiaren lehen olatuak agerian utzitako "hutsune eta desberdinkeriak" bizi-bizi daudela salatu dute, eta lehendik zetozen gabeziak "gordindu" besterik ez dituela egin erran dute. Erakundeei eskatu diete euskararen aldeko politikak sustatzeko eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak har ditzatela, eta euskaltzaleei eta herritarrei dei egin diete euskararen aldeko jarrera aktiboari eusteko. "Denon babesa ezinbestekoa izanen da", adierazi du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.
Euskalgintzak ekainean eman zuen lehen abisua. "Itxialdia hasi eta segidan, euskal hiztunon hizkuntza eskubideak bazterreratuak izan ziren, berehalakotasunaren eta lehentasunaren izenean", oroitarazi du Bilbaok. Geroa euskaratik adierazpena aurkeztu zuten orduan, hainbat proposamen eta neurri zehatzekin. "Euskalgintzari arnasa eman eta denon hizkuntza eskubideak bermatzeko eta gizarte berdinzale eta kohesionatuago bat lortzeko". Baina hilabeteak pasatu ondoren, "egoerak bere horretan" segitzen duela, eta euskalgintzak "estu arnasten" jarraitzen duela ohartarazi du Bilbaok. "Neurri horiek inoiz baino beharrezkoagoak dira". Administrazioak, erakundeak eta eragileak "erantzukizunez" jokatzera deitu ditu. "Euskararen erabilera erosoa bermatzeko urratsak egin behar dituzte, erabaki eta neurri zehatzekin. Hitzetatik egitateetara pasatzeko".
Albiste hau BERRIAk argitaratu du eta, Creative Commons by-sa lizentziari esker, zati bat ekarri dugu ALEAra. Ekhi Erremundegi Belokiren jatorrizko albistea osorik eta informazio osatuagoa hemen dituzu ikusgai.