Jose Mari Lejardi, 'Gabixola'

"Azkeneraino segituko dut"

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Astiz 2020ko urr. 20a, 13:00

Joxe Mari Lejardi 'Gabixola'-k 87 egun bete ditu gose greban. / @GoseGreba

Iruña-Veleiako piezei arkeometria probak egiteko eskariarekin abiatu zuen gose greba Lejardik, eta 87 egun bete ditu jan gabe. Konpromisorik lortu ezean amaieraraino iritsiko dela dio.

"Egina utzi dut bizi testamentua, eskatuz ez nazatela elikatu". Uztailaren 23an abiatu zuen Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako piezei arkeometria probak eskatzeko gose greba Jose Mari Lejardi Gabixolak (Markina-Xemein, Bizkaia, 1959), eta 87 egun beteko ditu gaur jan gabe. "35 bat kilo galdu ditut, eta, oraingoz, ez dut minik. Noizean behin, zorabio batzuk izaten ditut". Probak egiteko konpromisorik hartu ezean amaierara doala berretsi du.

Bestalde, Gasteizko auzitegiak Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari ohiari ezarri zion bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ere kritikatu du, haren hitzetan Espainiako Kultura Ministerioak egindako ikerketa bat baitu oinarri bakartzat, eta ezbaian geratu baitzen azterketa haren balioa epaiketan bertan. "Ikerlariak onartu zuen ez zuela halako datazioak egiteko eskarmenturik, eta lehenengoz egin zuela halako ikerketa bat".

Zein dira zure eskariak?

Eskaera orokorra da gai hau zientziaz epaitu behar dela, eta eskari orokor hori hiru puntutan zehaztu dugu gero. Lehenik eta behin, grafitoak zehatz-mehatz noiz egindakoak diren ebatzi dezaketen arkeometria probak egiteko eskatzen dugu, horretarako gaitasuna dutela badakigun Europako bi edo hiru laborategitan. Bigarrenik, eskatzen dugu indusketan orain arte zer ikusirik izan ez duten arkeologoek ikertu dezatela aztarnategia, gune asko daudelako oraindik aztertzeko, eta uste dugulako pieza gehiago atera daitezkeela. Eta, hirugarrenik, badakigu Arabako Foru Aldundiko ordezkarien aginduz etenda daudela orain arte ateratako piezak aztertzeko lanak, eta eskatzen dugu garbitu gabe geratzen diren hemezortzi kutxa horiek ikertzen jarrai dezatela.

Elkarrizketa hau Berriak argitaratu du eta, Creative Commons by-sa lizentziari esker, zati bat ekarri dugu ALEAra. Elkarrizketa osoa hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago