Koronabirusa

Herria, gotorleku bilakatuta

Erabiltzailearen aurpegia Edurne Begiristain 2020ko mai. 8a, 16:50

Kuartangoko udalerrian 400 biztanle inguru bizi dira. / Asier Sarasua

Koronabirusak gaixotutako bizilagunik apenas dagoen Kuartango, Errezil, Ea, Izaba eta Ozaze herrietan, baina bertako herritarrak egoeraz "kezkatuta" daude.

Koronabirusa hedatua da Euskal Herriko ia bazter guztietara, baina oraindik badira ofizialki kutsaturik ez duten herriak. Euskal Herriak 20.000 kutsaturen langa gainditu duen arren, egon badaude pandemiaren zabalkundea egunez egun geldiarazi duten udalerriak. Horietako batzuk dira Kuartango (Araba), Errezil (Gipuzkoa), Ea (Bizkaia), Izaba (Nafarroa) eta Ozaze (Zuberoa). Bertako alkateek BERRIAri azaldu diete izurriari nola itxi dioten atea, eta etorkizuna nola ikusten duten.

KUARTANGO. Arauak "zorrotz" betetzen

Arabako mendebaldean dago Kuartango, Gasteiztik 28 bat kilometrora. Laurehun biztanle ditu udalerriak, hogei herritan sakabanatuta, eta batean ere ez dago inor kutsaturik. "Ofizialki bederen, ez dugu kasurik, nahiz eta baten batek sintomak izan dituen eta etxean geratu den". Eduardo Fernandez de Pinedo Kuartangoko alkatea "pozik" dago birusa ez delako zabaldu udalerrian, eta ez duelako inor hil. Nekazaritzari lotua da Kuartango, eta etxebizitzak banakatuta egoteak eragotzi egin du birusaren hedapena. Udalak, gainera, herriko taxi gidaria jarri du herritarren zerbitzura, eta adinekoak Izarrara eramaten ditu, dohainik, bertan baitago inguruko janari denda bakarrenetarikoa.

Etxebizitza gehienek lur eremu edo baratze txiki bat dutenez, itxialdia errazago eramaten ari dira Kuartangoko bizilagunak. Nolanahi ere, herritarrak "zorrotz" betetzen ari dira konfinamendua, alkatearen esanetan. "Harrituta nago jendearen jarrerarekin, batez ere haurrekin: inork ez ditu arauak hautsi". Kutsaturik izan ez arren, herritarrek ez dute eskatu itxialdi neurriak arintzeko, Fernandez de Pinedok dioenez. Kuartangon bizi diren bizilagun askok Gasteizen edo inguruetan egiten dute lan, eta, beraz, konfinamendu neurriak herrian lehenago leuntzea "zentzugabekeria" litzatekeela uste du. Zuhurtziaz jokatzea hobetsi du, hortaz: "Mugakide garen herriek harreman handia daukagu elkarrekin, eta hobe dugu denok batera aritzea, seguruagoa baita".

Albiste hau BERRIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Edurne Begiristain kazetariaren jatorrizko erreportajea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago