Dupla taldeko kideak dira Gari Uriarte (Agurain, Araba, 1994) eta Beñat Oribe (Agurain, Araba, 1994). "Landa eremuko musika urbanoa" egiten duen talde bat direla esan dute, eta gazteen eguneroko hizketagaiak dituzte hizpide. Iazko abenduan kaleratu zuten euren estreinako lana: Folklore (Rural Kids, 2019) EPa. Hain zuzen ere, diskoaren aurkezpena egiten ari dira orain Folklore Tour birarekin. Martxoaren 10ean Gernikako Lekuek Festibalean arituko dira, besteak beste.
Estilo ugari jotzen dituzue: trapa, popa, rapa, musika elektronikoa... nola definituko zenukete zuen musika?
Gari Uriarte: Musika urbanoa egiten dugu. Modan dago gaur egun, eta gu saiatzen ari gara mundu horretan gure tokia aurkitzen. Musikatik harago, irudia, janzkera eta bideoklipak ere oso urbanoak dira. Funtsean, pop musika egiten dugu, gaur egungo gustuetara moldatuta: popular; hau da, herritik eta herriarentzat.
Estilo hauek ez dira oso ohikoak izan, orain arte behintzat, Euskal Herrian. Aldaketarik sumatu duzue?
G.U.: Oso kontserbadoreak izan gara hemen alde horretatik, eta ongi dago hori, baina aldaketa beharrezkoa da. Gainera, reggaetonarekiko, poparekiko eta estilo horiekiko ikuspegi negatiboa oso hedatuta dago, matxista delako edo komertziala delako, eta hori ere aldatzen ari da. Guk olatu berria deitzen diogu mugimendu horri. Mundu mailan musikarekiko gustuak aldatzen ari dira, eta Euskal Herrira ere gutxinaka iristen ari da. Mendi puntara joanda ere, olatu berriak hartuko zaitu.
Beñat Oribe: Datozen belaunaldi gazteak ikustea baino ez dago horretaz jabetzeko. Gu oso identifikatuta sentitu gara musika urbanoarekin, zertxobait zaharragoak garen arren.
Elkarrizketa hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta elkarrizketa osoa hemen duzu ikusgai.