Sugetzarra

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2020ko urt. 23a, 18:33

"Tristea da gero dena judizializatu behar hau; etsigarria, sugetzarraren mugimenduan igartzen eta gurutzatzen diren interes-jokoak."

Julio Caro Barojak badu liburu bat historiaren faltsifikazioei buruzkoa (Las falsificaciones de la Historia, Círculo de Lectores, 1991). Hor sartzen ditu, beste askoren artean, Orreagako borrokarena —Altabizkarreko kantua— edo Tubalen legenda. Dioenez, antzinatetik gertatu da fenomeno hori, nonahi, baita greziarren eta erromatarren artean ere. Helburua, beti, iragana ederrestea. Hori lortu ahal izateko, testu ezkutu apartekoen aurkikuntza leku arraroetan eta egoera ezohikoetan gertatu ohi omen da. Ohartarazpen hau ere egiten du Caro Barojak: esperientziak erakusten duenez, pertsona asko kausa baten alde ala kontra jartzen dira arrazoiak baino areago pasioak eraginda. Nolanahi ere, uste du kontuan hartzekoa dela historiaren inguruko iruzurra: "Komeni da lasaitasunez hausnartzea gizakiak historia iruzurtzeko daukan joeraz. Gaur egun azter dezakegu gauza interesgarri modura; ez bakarrik ikuspegi kritikotik, baita indar sozial, politiko eta estetikoa daukan zerbait bezala ere".

Eskuartean Iruña-Veleia Argitu plataformak zabaldutako orri parea: azalean, justiziaren irudia; balantzaren alde batean daramatza «zazpi txosten, 326 orrialde, faltsukeriaren aldekoak»; beste aldean, "20 txosten, 2.104 orrialde, benetakotasunaren aldekoak». Erdiko bi orrietan, «benetakotasunaren aldeko txostenak egin dituzten zientifikoak": hamazazpi aditu, nazioartekoak nahiz hemengoak; horiezaz gain, beste lau lagun benetakotasunaren alde egin dutenak —eta zutenak, tartean Henrike Knörr eta Txillardegi—. Kontrazalean: "Analitikarik gabe, indusketa kontrolaturik gabe, zientziarik gabe, ezin da justiziarik egin". Izan ere, eskuorriak Iruña-Veleia aferari buruzko epaiketa du jomugan, otsailaren 3an hasiko baita Gasteizen. Akusatuak Eliseo Gil —aztarnategiko zuzendari ohia— eta haren laguntzaile izan ziren Oscar Escribano eta Ruben Cerdan dira. Salaketa Arabako Foru Aldundiak jarri zuen, 2009an, Iruña-Veleian aurkitutako grafitoak faltsutu zituztelakoan.

Artikulu hau BERRIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko iritzi artikulua osorik hemen duzu ikusgai.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago