Orain urtebete jaso zuen Begoña Knorr (Gasteiz, 1954) Gasteizko Jakintza liburu dendako jabeak kontratua amaitu egingo zitzaiola zehazten zuen burofax bat. Lokalaren kontratua urtebete atzeratzea lortu zuen, Kutxabank bankuarekin —lokalaren jabearekin— tratua egin ostean. Martxoan itxiko du liburu denda, 32 urteren ostean. Ohartarazi duenez, itxieraren ondorioz saltoki txiki bat gutxiago egongo da Gasteizen.
Martxoan itxi beharko duzu liburu denda; behartuta.
Jakina, kontratua etetea izan da hemendik irteteko seinalea. Kutxabank da lokalaren jabea, eta ez didate azalpenik eman. Kazetari batek ikertu zuen gaia; bankuak esan zion ohiko bidea dela. Beste ezer ez. Nik hizketakide bat eskatu nuen egoera konpontzeko, baina ez dut halakorik inoiz izan. Azkenean, lortu nuen bankuak beste urtebete ematea liburu denda husteko.
Izan ere, orain urtebete izan zenuen kontratu amaieraren berri.
2019ko urtarrilaren 2an, hain zuzen ere. Kontratua berriztu ez eta urte bereko martxoan lokala utzi beharko nuela jartzen zuen mezuan. Ez nuen ezer ulertzen; gaizki tratatuta sentitzen zara, zapalduta, gutxietsita eta aukerarik gabe. Halere, behin eta berriz esango dut ez naizela momentu batean ere bakarrik sentitu.
Albiste hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko elkarrizketa hemen duzu ikusgai.