Irauten jakin duen polizia

Erabiltzailearen aurpegia Edurne Begiristain 2020ko urt. 10a, 15:00

Aitorpen ekitaldia egin dute, Miñoigoak 225 urte bete dituenean. ARABAPRESS.EUS

Miñoigoak 225 urte bete ditu. Arabako Foru Aldundiaren polizia taldea Euskal Herriko zaharrena da. Kaleko "ordena" mantentzeko sortu zen, eta, egun, foru instalazioen segurtasunean, garraioan, ingurumenean eta larrialdi zerbitzuetan ditu eskumenak.

Bi mende luzeko historia du, baina apenas den ezaguna. Ez bederen Arabatik kanpo. 225 urte bete berri ditu Miñoigoak, Arabako Foru Aldundiaren menpeko polizia taldeak. Euskal Herriko Polizia zaharrena da, eta inguruko herrialdeetako Poliziarik zaharrenetarikoa. Haatik, nahiko ezezaguna da.

Araban bakarrik lan egiten dute. Eta kopuruan gutxi dira. Horren ondorioz, haien egitekoa ez da oso begi bistakoa. Miñoiak polizia ezezagunak dira euskal herritar gehienentzat, baita arabar askorentzat ere. Haren historian murgilduz gero, erraz uler daiteke zergatik ez duen oihartzun handirik herritarren artean. Sorreratik bertatik gorabehera handiak izan ditu Miñoigoak, bai kideen kopuruan, bai baliabide eta eskumenetan. Urteen joan-etorrian etengabeak izan dira aldaketak polizia taldearen barruan, eta unean uneko egoera politikoak eskatuta moldatu behar izan du haren egitekoa. Gorka Martinez historialariak azaldu du: "Lurraldearen egoera politikoak ez ezik, diputazioaren baliabide ekonomikoek ere baldintzatu dute miñoien egoera, foru erakunde batentzat ez baita batere merkea indar armatu propio bat izatea".

Albiste hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko erreportajea hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago