Arcelor Mitallek Aguraingo lantegia itxiko du urte hasieran

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2019ko abe. 24a, 08:22

Aguraingo lantegia. / EITB

Beharginek diote badutela lan karga. Lantegia ixten bada, hamabost langile joango dira langabeziara

Eguberrien atarian, langileen oporrak tarteko, Arcelor-Mittalek Agurainen duen lantegiko zuzendaritzak abenduaren 17an deitu zituen bilerara langileen ordezkariak, aurretik azalpenik eman gabe. "Historia errepikatu da", azaldu dute beharginek ELA sindikatuak zabaldutako agirian. Logistika planta itxi egingo dela jakinarazi diete, eta historia errepikatu da: orain bost urte ere Eguberrien aurretik iritsi zen kolpea. 2014ko abenduaren 19an, lantegiaren itxiera iragarri zieten 60 langile ingururi.

Orduko hartan, negoziazio gogorrei eta mobilizazioei esker, langileek lortu zuten lantegia ez ixtea eta hemeretzi lanpostu Agurainen mantentzea. Lortu zuten, era berean, hainbat langile Euskal Herriko beste lantegietara aldatzea, eta beste zenbaitek borondatez uztea lanpostua baina kalte-ordainak jasota. Baina, langileek salatu dutenez, behin gatazka amaituta, enpresak "heriotza gozo batera" kondenatu zuen Aguraingo planta, "inbertsiorik gabe, etorkizunerako plangintzarik gabe...".

Orain, berriz ere, itxiera iragarri diete. ELAren agirian azaldu dutenez, langileak ez daude ados erabakiarekin, lan karga badutelako, eta itxierak hamabost lagun bidaliko dituelako langabeziara. "Langile taldeak borroka egingo du enplegua mantentzeko eta, planta ixten bada, guztiontzako irteera duin bat lortzeko". Herritarrei eskatu diete babesa emateko egingo dituzten mobilizazioetan.

Albiste hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago