Erritmoz beteriko aukerak

Erabiltzailearen aurpegia June Prieto 2019ko aza. 28a, 07:00

ETS taldeak diska berria kaleratu du. ETS

En Tol Sarmiento taldeak Aukera berriak lana ondu du. Pello Reparazek ekoitzi du diskoa

Bi urte eman ditu En Tol Sarmiento taldeak (ETS) Aukera berriak diskoa egiten. "Krisi moduko bat pasatu nuen azken diskoarekin, beti estilo berbera jorratzen genuelako. Baina orain ez dut beldurrik eduki, adibidez, runba bat sartzeko abestiren batean", azaldu zuen atzo Iñigo Etxezarreta abeslari eta gitarra joleak, Bilboko Kafe Antzokian, diskoaren aurkezpenean. Taldearen seigarren lanean, aurreko diskoetako ska estiloa mantendu dute, baina runba, popa eta elektronika erritmoak ere sartu dituzte.

Bide berri bat aukeratu dutela berretsi du Etxezarretak: "Aldaketa bat egon da hasi ginenetik gaurko garaira arte". Abeslariak bere ohiko lana alde batera utzi, eta musika sortzeari eskaini dio denbora guztia. "Ametsetan diskoa eta dokumentala aurkeztu genituenean, esan genuen denbora bat behar genuela. Ez genekien taldearekin zer egin, eta bizipoza berreskuratzeko zer edo zer egin behar genuela erabaki genuen". Erabaki horietako bat izan zen ekoizpen etxe batekin lan egitea. Erabakia hartu eta bi astera, Pello Reparazek (Vendetta, Zetak) ETSrekiko interesa adierazi zuen, eta lanean hasi ziren. Halere, ez dituzte agertokiak utzi duela gutxira arte, diskoaren grabazioa egiteko, hain zuzen.

Albiste hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago