Etxebizitza Sindikatua aurkeztu berri dute Gasteizen. Bertako kideak dira Iñaki Lopez de Foronda (Gasteiz, 1995) eta Maitane Lopez (Beasain, Gipuzkoa, 1998). Azaldu dutenez, tresna "egokia" jarri nahi dute langileriak "etxebizitzaren arazoei" aurre egiteko. Gaineratu dute sindikatua langileen autonomian eta elkartasunean oinarrituko dela.
Sindikatua aurkeztu duzue. Zein izango da haren zeregina?
Iñaki Lopez de Foronda: Etxebizitzaren arazoak esplotazioan oinarritutako sistemaren adierazpen partzial bat dira. Aurre egiteko, elkarren arteko babesa antolatu nahi dugu, oinarri politikoak eta antolakuntza oinarriak mahai gainean jarri. Beraz, sindikatua proletarioek etxebizitzaren arazoari aurre egiteko tresna bat da. Gasteiz hartu dugu oinarri. Elkartasuna egongo da antolakuntzaren erdigunean, baita langile kontzientzia garatzea ere.
Zergatik identifikatu duzue sindikatu bat sortu beharra?
I.L.: Tresna horren sorrera testuinguru batean kokatu behar da: krisi kapitalistan. Langile klasearen baldintzek okerrera egin dute, eta ondorioak lazgarriak dira: etxegabetzeak, alokairua eta gastuak ordaintzeko zailtasunak, eta emantzipatzeko ezintasuna. Indarkeria hori ikusirik, elkar babestu behar dugu.
Barne prozesu bat egin duzue.
Maitane Lopez: Birjabetze Kolektiboa jaio zen lehenik, eta, ordutik, barne prozesu batean ibili gara. Bitartean, proiektu batzuk martxan jarri ditugu; adibidez, Okupazio Bulegoa eta Desjabetuon Eskola. Barne mekanismoak ere martxan jarri ditugu egungo egoerak berrikusteko. Esan daiteke Etxebizitza Sindikatua horren guztiaren sintesia dela.
Albiste hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.