'De Miguel auziko' epaia "atzeratu" egingo da

Erabiltzailearen aurpegia Edurne Begiristain 2019ko urr. 15a, 16:22

De Miguel auzia urtarrilean hasi ziren epaitzen. ALEA

Udazkenerako espero zen epaia, baina Gabonetarako egon daitekeela esan du gaur Mercedes Guerrero Arabako Auzitegiko epaileak.

Iazko urtarrilaren 8an hasi zen ustezko ustelkeria kasua dela-eta Arabako Probintzia Auzitegian EAJko hainbat kide ohiren aurkako epaiketa, eta urte bereko abenduaren 19an epaiaren zain geratu zen auzia. Ordutik ari dira epaimahiako kideak ebazpena prestatzen, baina uste baino gehiago luzatzen ari zaie lana. Izan ere, aurtengo udazkenerako espero zen epaia –urrirako esan zuten–, baina gaur goizean Mercedes Guerrero Arabako Auzitegiko epaileak Radio Vitorian jakinarazi du "atzeratu" egingo dela ebazpena, eta urtea amaitu arte ez dutela kaleratuko. Guerrerok ez du datarik eman, baina esan du epaimahikideak  "azken zehaztapenak" ari direla lantzen, eta udazkenaren amaiera aldera espero dutela epaia prest izatea. Bere aurreikuspenen arabera, "Gabonak baino lehen" egongo da sententzia. Epaileak aitortu du "oso zaila" izaten ari dela sententzia egitea, auzia oso konplexua delako.

Albiste hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago