Josu Zabala: "Euskal musikak fagozitatu zuen Hertzainak"

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Larrabe 2019ko ira. 19a, 18:22

Gari eta Josu Zabala. / EITB

"Memoria historikoko ariketatxo bat egitea da asmoa, ahal bada nostalgiarik gabe, eta batez ere geure buruak imitatzen saiatu gabe". 65 urteak jadanik beteta, eta lehen kontzertuak eskaintzen hasi zenetik ia lau hamarkada beteko soziologia guztia zeharkatu ostean, oraindik ere hogeitaka urte zituen garaiko tinbre paretsua du ahotsean Josu Zabala musikariak (Otxandio, Bizkaia, 1954).

Baina beti aldatzen dira gauzak, kamarada. Aldatu Euskal Herria, aldatu musika entzuteko era, eta aldatu Zabala bera ere. Horregatik esaten du Iñaki Garitaonaindia Gari-rekin batera Hertzainak taldearen kantekin emango dituen hiru kontzertuak ez direla Hertzainak taldearen kontzertuak izango. Ez dute asmorik urteek, bizipenek eta historiak utzitako markak ezkutatzeko. Asteartean egongo dira Bilboko Kafe Antzokian, eta hilaren 25ean eta 26an joko dute, Euskalduna Jauregian; sarrera guztiak salduak dituzte.

Hilaren 25eko emanaldia iragarri eta gutxira amaitu ziren sarrerak; beste bat egitea erabaki, eta horiek ere denbora gutxian desagertu ziren. Nola hartu duzue harrera hori?

Gure ego txikiak poztasuna hartzen du, baina harrituta ere bagaude. Egia esan, sekulako marroia bihurtu zaigu hau dena [Irriak]. Sarrerarik gabe geratu den jendearen matraka izugarria da, eta ezin izango dugu nahi beste sarrera banatu ingurukoen artean. Lehen emanaldia iragartzeko prentsaurrekoa egin genuenean hogei gordetzea lortu nuen: familia eta lagunen konpromiso minimoei erantzuteko. Pozik atera nintzen lortutakoarekin, baina lehen saioaren sarrerak agortu zirela jakin, eta bigarren emanaldirako zenbat gorde behar nituen pentsatu orduko amaitu ziren ia sarrera guztiak. Beraz, halakoetan geratzen dena zera da: ezin ebatzizko arazo bat. Nahasketa horrekin gaude: pozez, horrenbeste denbora igaro ondoren ez genuelako horrenbeste maitasun geratuko zenik espero; eta, aldi berean, nahastuta, egoerari neurria hartu nahian.

Talde guztia elkartzea zen zuen hasierako asmoa.

Garik eta biok Bilboko Arriaga antzokian otsailean egindako emanaldiaren ondoren erabaki genuen taldea elkartu eta bira egitea [Gariren taldea disko berria aurkeztekoa zen, eta Zabalari haiekin batera taularatzeko gonbita egin zion taldekide ohiak]. Hertzainak taldearen lehen diskoa argitaratu zela 35 urte igaro zirela-eta, banda berriz batu eta Euskal Herriko hiriburuetan emanaldiak egitea zen gure hasierako asmoa, baina ez da posible izan. Hitzorduak ere jarrita genituen, baina bertan behera utzi genituen den-denak, baita Bilbokoa ere. Euskaldunako antolatzaileak tematu direlako egingo dugu Bilbokoa. Edonola ere, esan egin behar dut: niri Gasteizko kontzertuak egiten zidan ilusio gehien. Bereziki Gasteizi zor diogulako Hertzainak-en izana, konbentzituta bainago taldea Tolosan [Gipuzkoa] hasi izan balitz ez ginela inora iritsiko. Gasteizek egin zuen posible.

 

Albiste hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago