Panificadora Alavesa zigortu dute epaitegiek langile bati jazartzeagatik

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Martin 2019ko ira. 13a, 09:47

'El Ancora' eta 'San Jose' dira Panificadora Alavesaren markak.

100.000 euroko kalte-ordaina pagatu beharko dio E.M.R. beharginari, "langilearen interesen aurkako jarrera argia" izan duelako urte askoan.

E.M.R. ez da jadanik Panificadora Alavesako behargina. Urte askoan haren aurka aritu zen zuzendaritza, "lan harremanari kalte egiten". Orain, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak langilearen alde eta enpresaren aurka ebatzi du. Panificadora Alavesak 99.994,94 euro ordaindu beharko dizkio langileari kalte-ordain gisa, "langilearen interesen aurkako jarrera argia" izan duelako; jazarpena egin ziolako urte askoan, alegia. Gasteizko enpresa horretako behargina zen 1987az geroztik E.M.R.

CCOO sindikatuak ezagutarazi zuen atzo EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpena, eta, bertan jasoa dagoenez, enpresak modu larrian urratu ditu langilearekiko zeuzkan eginbeharrak, eta hark maiz jo behar izan du auzitara, lan baldintzetan aldaketak inposatu dizkiotelako, oporretan, eskatu dizkioten diru kopuruetan eta ezarritako zigorretan. Enpresa langilearen aurka tematu dela dio epaiak, eta ez dizkiola onartu bere eskubideak desadostasunak auzitara iritsi ez diren bitartean.

Artikulu hau BERRIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago