Kezka batetik abiatuta elkartu dira: Arabako herri txikiak gero eta hustuago daude, elkarren arteko loturak "hilzorian", eta biztanleria pixkanaka zahartzen ari da. Arabako herri txikietako hainbat gaztek asanblada bat eratu dute aspaldian duten "hutsunea" betetzeko. Herri txikietako biztanleen galerari aurre egiteko eta horietako gazteriaren beharrei irtenbidea emateko batu dira. Finean, Arabako herri txikiak "berpizteko" antolatu dira. Horixe da Herri Txikiak Bat izenarekin eratu duten asanbladaren xede nagusia, Andrea Argote kideak BERRIAri azaldu dioenez.
Duela urte erdi inguru erein zuten asanbladaren lehen hazia. Arabako herrien egoeraren eta horietako gazteriaren etorkizunaren gainean zituzten kezkez hitz egiteko lehen bilera egin zuten Buradon Gatzaga, Argantzun, Bernedo, Urizaharra eta Zanbranako hainbat gaztek, eta orduan erabaki zuten taldea martxan jartzea. Aurreneko bilera horretan, herri txikietako "gabeziei" aurre egitea funtsezkotzat jo zuten, Argotek azaldu duenez: "Argi genuen Arabako herri txikien arteko lotura bat beharrezkoa zela, gazteon arteko batasuna eta elkar ezagutza behar genituela, eta, noski, euskara sustatu behar genuela".
Artikulu hau BERRIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.