Greban, itun propio baten alde

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Biain 2019ko uzt. 17a, 11:06

DHLko langileen protesta bat. ELA

Aguraingo DHL logistika zentroko langileek ia bi hilabete daramatzate greba mugagabean. Salatu dute enpresako zuzendaritzak ituna berritu nahi ez eta beren grebarako eskubidea urratu duela.

Aguraingo logistika zentroko langileak greba mugagabean daude maiatzaren 23az geroztik. Bi hilabete dira lan gatazka abiatu zenetik. Izan ere, hitzarmen kolektiboak 2017ko abenduaren 31n utzi zion indarrean egoteari, eta hura berritzeko negoziazioen porrotak eraman ditu egungo egoerara. Zortzi hilabete eman zituzten negoziatzen. Guztira hamabi alditan elkartu ziren langileen ordezkariak eta enpresaren zuzendaritza tarte horretan, baina ez zuten lortu ados jartzea. "Ez atzera ez aurrerako puntu batera heldu ginen, eta grebara joan beste aukerarik ez genuen izan", adierazi du Itziar Gorospe langile batzordeko ELAko ordezkariak.

Enpresaren zuzendaritzak ez du hitzarmena berritu nahi, eta Arabako salgaien garraiorako ituna aplikatu nahi du horren ordez. Langileak ez daude hori onartzeko prest: "Itun propioarekin amaitzea izan da haien nahia hasieratik, baina ezin dugu onartu halakorik. Badakite hitzarmena oinarrizkoa dela guretzat". Itun bat edo bestea aplikatzeak soldatetan du eragina, hein handi batean, lurraldeko ituna aplikatuz gero soldaten mailakatze bikoitza mantenduko bailitzateke. Hots, behin-behineko langileek eta 2010az geroztik kontratatutakoek ia 3.000 euro gutxiago irabaziko lukete urtean, "nahiz eta kontratu mugagabea duen langile baten lan bera egin".

Albiste hau BERRIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago