Duela hiru urte utzi zuen euskal politikako lehen lerroa Hasier Arraizek (Gasteiz, 1973), Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkide izateari lagata. "Faktore batzuengatik utzi nuen: aita izan nintzen; inhabilitazioa neukan kargu publikoetarako; eta barne eztabaida bat egin zen ezker abertzalean, eta uste nuen berrikuntzak behar zirela. Ondorioz, pentsatu nuen hura nuela momentua beste gauza batzuk egiteko". Gasteizen bere auzoko proiektu batean murgiltzea izan zen gauza horietako bat; beste bat, saiakera liburu bat idazten hastea. Atzo aurkeztu zuen, Donostian: Maitasun keinu bat besterik ez (Erein). Gainera, irakasle lanetan dabil egun, Altsasun (Nafarroa).
Nola sortu zitzaizun liburua egiteko aukera edo ideia?
Letren Fakultatean elkar ezagutu genuen Kirmen Uribek eta biok, Gasteizen, 1991-1992 aldera. Oso lagun egin ginen, baina, herri honetan jende askori gertatu izan zaion bezala, euskal gatazka gure bizitzetan ere sartu zen. Garai gogorrak ziren; ezker abertzalearen ilegalizazioa, eta ni ere espetxeratu ninduten politika egiteagatik. Kartzelan nengoela, Kirmenek Espainiako Narratiba saria jaso zuen 2009an, Bilbao-New York-Bilbao eleberriagatik. Zer pentsatua eman zidaten adierazpen batzuk egin zituen; ziega baten estutasunean egonda, nolabait minduta sentitu nintzen. Gauza batzuk esan nizkion orduan, eta bion arteko harremana higatu egin zen. Ez nago pozik horrekin. Nire ikuspegia mugatua zela esango nuke; nire bertsiorik okerrena izan zen. Orain urte gutxi berreskuratu dugu harremana, berari esker: argitaratu aurretik, bere azkeneko eleberria pasatu zidan [Elkarrekin esnatzeko ordua, 2016], eta iritzia eskatu. Nik gero EHUrako lan bat egin behar nuen, eta haren literaturaz egin nuen; hortik sortu zen saiakera lana egiteko aukera.
Literatura hartu duzu oinarri.
Politikan nintzela, garai latzak bizi izan genituen, eta literaturak salbatu ninduen, burua pentsatzeko edo kontatzeko beste modu batean jartzen dizulako, eta horrek zure ikuspegia zabaltzen du. Kartzelaldia irakurtzeko baliatu nuen.
Elkarrizketa hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko elkarrizketa eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.