Gasteizko Oreka IT enpresak bi milioi euroko fakturazioarekin itxi zuen urtea iaz. Inoizko daturik onenak erdietsi zituen, eta aurten ere aurreikuspen onak dituztela aitortu du Iraitz Perez de Goldarazena zuzendariak. Informatika zerbitzuak eskaintzen dituzte: enpresen kudeaketarako programa informatikoen SAP teknologian adituak dira. Hamar urte bete ditu enpresak, eta hazkunde betean da. Urteurrena ospatzeko ezer berezirik egingo ez duten arren, SAP teknologiari buruzko urteroko jardunaldiak egingo dituzte Artium museoan, bihar. Bezero eta sektoreko gainerako enpresen arteko «topagune bat» eratzea da asmoa, jakintzen eta esperientzien berri emateko elkarri.
Nafarroan egoitza berri bat zabaldu duzue, eta Bizkaian beste bat irekiko duzue aurki. Hazkunde eta hedatze prozesu batean da enpresa, beraz. Aurreikusitako estrategiaren bidetik ari zarete?
Egia esan, oso garai onean gaude, egonkor. Gainera, merkatuak beste informatika aholkularitzen parean kokatzen gaitu. 2014tik goranzko joera bati eusten diogu, eta, alde horretatik, pozik gaude. Modu kontrolatuan ari gara, hori bai. 2018. eta 2021. urte arteko estrategian bi zabalkunde jasotzen ziren: lehenengoa Nafarroakoa zen, 2019an; merkatuari dagokionez antzekotasun asko ikusten genituelako Arabaren eta Nafarroaren artean. Harrera ona izaten ari da, eta ikusiko dugu zer bilakaera duen.
Elkarrizketa hau Berria egunkariak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.