Hard-rockaren soinu gogorretik pop-rockaren melodietara, eta new waveren soinu esperimentaletik rockabillyaren erritmo dantzagarrietara. Aurten ere, rockaren askotariko aldaerak entzuteko aukera izango da Azkena Rock jaialdian, ostiralean eta larunbatean. Egitarau zabala ondu dute antolatzaileek, eta izen handiko artistak ez ezik, bestelako taldeak ere igoko dira Mendizabalako agertokietara. Hemezortzigarren urtea du Gasteizko musika festibalak, eta bidea egiten jarraitzen du rock-and-rollari izenean eta izanean eutsita.
Rockaren geografia zabalean askotariko ahaireak daudela erakutsiko du jaialdiak, beste behin. Burua ez ezik, gerria astintzeko aukera ere izango baitute bertaratzen direnek aurten. Horren adibide da lehen eguna. Stray Cats edta The B-52's taldeen erritmo biziek rock-and-rollaren hastapenetara eramango dute publikoa. 1950eko hamarkadan ezagun egin zen rockabillyaren enbaxadorerik ezagunetarikoa da Stray Cats, eta garai hartatik ere edaten du The B-52'sek, nahiz eta new wave mugimenduaren zurrunbiloan sortu zen. Eguneko kartelburuak dira, eta 40.urtemuga ospatzeko birarekin iritsiko dira Gasteizera.
Albiste hau Berria egunkariak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.