Juan Vallejo:"Oraindik ezin dut sinetsi nola nagoen bizirik eta hain ondo"

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2019ko eka. 12a, 08:35

Juan Vallejo mendizale arabarra. /EITB

Gorputzeko hezur asko hautsi zituen duela hiru hilabete, Argentinako Patagonian eskalatzen ari zela 25 metrotik erori eta gero. Errehabilitazio prozesu luzea du aurretik, baina mendia du gogoan.

Makuluekin azaldu da hitzordura, baina irribartsu eta animoz gainezka. Gozatzen ari da etxeko lasaitasunaz. Ez dira egun asko Euskal Herrira itzuli zela, martxoaren 2an Argentinako Patagonian eskalatzen ari zela izandako istripuaren ondoren. Juan Vallejok (Gasteiz, 1970) bi hilabete eta erdi pasatu zituen Argentinako ospitale batean, lesio larriak osatzen. Etxean, errehabilitazio saio luzeak egiten ditu, bere onera bueltatzeko. Bederatzi zortzimilako ditu igota, eta Euskal Herriko alpinista indartsuenetako bat da. Ez du baztertzen oraindik ere espedizio luze batean parte hartzea.

Hiru hilabete pasatu dira istriputik. Zer moduz zaude orain?

Pixka bat hobeto, baina oso izorratuta egon naiz. Istripua oso larria izan zen. Bi hilabete eta erdi luze egon naiz ohean, mugitu gabe, medikuek etxera etortzeko baimena eman zidaten arte.

Nolakoa izan zen erorketa?

Askotan gertatzen den moduan, esplikatzeko zaila den egoera batean izan zen. Hilabete eta erdi generaman Argentinako Patagonian edozein modutan eskalatzen, eta, etxera itzuli aurreko egunean, kirol eskalada egitera joan ginen. Berez, arriskurik ez zuen jarduera bat egitera gindoazen; baina, halako batean, 25 metro inguruko altuera batetik erori nintzen, hutsegite baten ondorioz. Konortea galdu nuen, eta ez naiz ezertaz oroitzen. Oraindik ez dakit zer egin nuen, baina ziur zerbait gaizki egin nuela. Jaiki nintzenean, ospitalean nengoen. Oraindik ezin dut sinetsi nola nagoen bizirik, eta are gutxiago nola nagoen hain ondo.

Zer duzu hautsita?

Hezur asko hautsi nituen: izterrezurra erditik apurtu nuen, pelbisa hainbat zatitan, errain-hezurra, eskumuturreko ia hezur guztiak... Hiru ebakuntza egin zizkidaten Argentinan, baina, ebakuntza gelara sartzen ninduten bakoitzean, hainbat hezur berreraikitzen zizkidaten, bide batez. Orain nahikoa dut errehabilitazioarekin. Oso luze joango dela aurreratu didate.

Elkarrizketa hau Berria egunkariak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago