Kontuak ateratzen zaizkio EAJri

Erabiltzailearen aurpegia
Gorka Urtaran, hauteskunde gaueko agerraldian. / EAJ

"Laudion, Arabako bigarren herririk handienean, EAJk alkatetza kendu dio koalizio abertzaleari, alde handiarekin, gainera, eta Agurainen Berazaren ondorengo ziklo politikoa kudeatuko du."

Jeltzaleen garaipena ukaezina zirudien herenegun, zalantza zen zenbaterainokoa izango zen jasoko zuen uzta. Ezin hobea izan da. Bizkaian erabateko nagusitasuna erakutsi du, Bilbon garai bateko gehiengo absolutua lortzeko zorian izan da eta duela lau urte irabazi zituen alkatetzak —Barakaldo, esaterako—, berrindartu egin ditu. Bermeon ere apustu gogorra zuen, duela lau urte EH Bilduk ia 300 botorengatik lortu baitzuen agintea, baina atzo buelta eman zion zalantza guztiak uxatuz.

Arabak ere notizia onak ekarri dizkio EAJri. Gasteizen zegoen arreta, ea nork lortuko zuen alkatetza. Gorka Urtaranek gobernatu du legealdi honetan Maroto kentzeko akordioari esker. Orduan, gainera, EH Bilduk botoak eman zizkion trukean ezer eskatu gabe. Orain ez du halakorik beharko. Laudion ere, Arabako bigarren herririk handienean, EAJk alkatetza kendu dio koalizio abertzaleari, alde handiarekin, gainera, eta Agurainen Berazaren ondorengo ziklo politikoa kudeatuko du. Batzar Nagusietan ere Ramiro Gonzalezek karguan segituko du, PSEren babesarekin gehiengo absolutua izango dutelako. Izaskun Bilbaok, bestalde, eurodiputatu izaten segituko du.

Albiste hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

 

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide