"Oraindik garaiz gaude, baina daukagun leihoa geroz eta txikiagoa da"

Erabiltzailearen aurpegia Julen Aperribai 2019ko mai. 8a, 08:42

Unai Pascual BC3 zentroko ikertzailea. /U.P

IPBES erakundearen txostena osatu duten ikerlarien artean dago Unai Pascual (Gasteiz, 1973). BC3 Klima Aldaketarako Zentroko ikertzailea eta ingurumen ekonomian doktorea da.

Orain artekoekin alderatuta, zertan da berezia txosten hau?
Ezagutza desberdinak jaso ditugu txostenean, eta 140 ikerlari inguru aritu gara, elkarlanean. 15.000 ikerketa baino gehiago sintetizatu ditugu. Bestalde, 130 estatu ordezkari baino gehiago daude IPBESen. Txosten hau beraien eskariz egin dugu, eta emaitzak onartu dituzte. Beraz, erlazioa zuzena da haiekin, eta, alde horretatik, badute erantzukizun gehigarri bat. Txosten hau politikoki onartuta dago.

Politika zehatzak aplikatzeko oinarri gisa erabil daiteke?
Etorkizunari begira zer agertoki egon daitezkeen aurreikusi dugu txostenean. Eraldaketa sozioekologikoarekin bateragarria den agertoki bat badago, baina oso politika arduratsuak eskatzen ditu, eta balio sozialen inguruko hausnarketa bat. Beraz, hori izan daiteke bide orri bat, politika zehatzak aplikatzeko orduan.

Egungo politikekin zerikusirik ez duten politikak?
Noski. Ekonomia global jasangarria deitzen diogu. Ongizatea ez litzateke aspektu materialean neurtu behar, eta naturarekin harreman harmoniatsua garatu behar genuke. Askotariko neurriak eskatzen ditu agertoki horrek, eremu guztietan. Beraz, oraindik garaiz gaude, baina daukagun leihotxo hori geroz eta txikiagoa da.

Albiste hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago