Oroimenari irudiak jartzen

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Alberdi 2019ko mai. 2a, 18:55

'Vitoria, 3 de marzo' pelikularen fotograma bat. /

Estreinatu dute 'Vitoria, 3 de marzo' filma zinema aretoetan. 1976an jazotakoak berregin ditu Victor Cabaco zuzendariak. Gasteiztar ugarik parte hartu dute grabazioan.

Urtero egiten dituzte Gasteizen 1976ko martxoaren 3an gertatutakoak gogoratzeko ekitaldiak. Greba eguna zen, eta batzartuta zeuden langileak Zaramaga auzoko elizan. Polizia bertara joan, eta tiro egin zien langileei. Bost pertsona hil zituzten, eta beste ehunka zauritu. Gertaera haiek berreraikitzen ditu Vitoria, 3 de marzo (Gasteiz, martxoak 3) filmak, Victor Cabacoren zuzendaritzapean. Atzo estreinatu zuten lana zinema aretoetan, Langileen Nazioarteko Egunean. Asteartean, baina, hedabideentzako emanaldi bat egin zuten Gasteizen, eta bertan izan ziren filmeko lan taldeko kideak. Gasteiztarrek filmean izan duten parte hartzea bereziki nabarmendu zuten zuzendariak, gidoilariek zein aktoreek.

"Beste ideia asko bezala, taberna batean sortu zen honako hau ere", azaldu zuen Juan Ibarrondo gidoilariak. Oskar Bañuelos kazetariaren bultzadaz eman zuen lehen urratsa. "Galdetu zidan ea nola ikusiko nukeen martxoaren 3ari buruz gidoi bat idaztea. Orduan ekin nion idazteari". Familia bat jarri dute narrazioaren erdigunean, 1976ko martxo hartako egoeran eta giroan sakontzen laguntzeko. "Langileen aldea eta gobernuarena ikustarazteko hari bat behar genuen", azaldu zuen gidoilariak. "Hots, klase ertaineko familia bat behar genuen. Egoera garatu ahala, parte baten edo bestearen alde posizionatuko zen familia bat".

Albiste hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago